Bidasoako enpresek eleaniztasunaren kudeaketa barneratuko balute, lehiakortasuna areagotu eta lan-merkatu bakarra sortzen lagunduko lukete mugaren bi aldeetan

2014/07/10

Bidasoako enpresetan eta gizartean eleaniztasunaren benetako egoera aztertzeko eta etorkizunean eleaniztasun hori sustatuko duten lan-ildoak ezartzeko, azterketa bat egin dute, eta, bertan, 120 enpresa baino gehiagok, hogei bat zuzendarik eta hizkuntzetako ehun ikasle inguruk parte hartu dute. Eta horren emaitzak aurkeztu dituzte, gaur, FICOBAn egindako jardunaldian

Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkarteak  (LANGUNE) proiektu horren emaitzak aurkeztu ditu gaur, FICOBAn egindako informazio-jardunaldian: “Bidasoa: eskualde bat hiru hizkuntza / Bidasoa: una región tres idiomas. kudeaketa-programa eleaniztun baterantz”; horren bidez, eleaniztasuna areagotu nahi da eskualdean, enpresen lehiakortasuna areagotzeko eta hiritarrek gizarte-kohesio handiagoa izan dezaten, lan-merkatu bakarra sortuz, bereizi gabea, mugaren bi aldeetan.

Jardunaldian, Euskal Herriko hizkuntza-industrien sektoreko enpresek parte hartu dute, eta lehiakortasuna hobetzeko prozesuetan eleaniztasunaren kudeaketa tresna berri gisa barneratu duten erakundeen adibide praktikoak ezagutarazi dituzte. Hala, Emun Aholkularitzak eta Euskadiko Etxeko Klusterraren zuzendariak aditzera eman dute tokiko hizkuntzek balio handia dutela ingurune eleaniztun batean. ELHUYAR Aholkularitzak Euskampusen burutzen ari diren lana aurkeztu du (erakunde hori EHUren eta Burdeosko Unibertsitatearen arteko lankidetzaren bitartez sortu da), eleaniztasunaren kudeaketa egoki baterako, eta, azkenik, ELDUAIEN Hizkuntza Eskolak enpresa nazioarteko bihurtzeko prozesuan aintzat hartzen ez diren "xehetasun" batzuk partekatu ditu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berrikuntza, Landa Garapena eta Turismo Sailak finantzatu du proiektua, Bidasoa – Bidasoa Activa Garapen Agentzian laguntzarekin, eta, azkeneko 9 hilabeteetan egindako ikerkuntza-lan batean oinarritu da, non Bidasoa Txingudiko 125 enpresek baino gehiagok, hogei bat zuzendarik eta hizkuntzetako ehun irakasle inguruk parte hartu duten. Ikerketa horrek gaur egungo eszenatokia marrazten du, eta eleaniztasuna sustatzeko etorkizunean landu beharreko jarraibide/ gomendio batzuk jasotzen ditu.

Fernando Alana LANGUNEren zuzendari nagusiak errepikatu du urtero "Europako enpresa txiki eta ertainen portzentaje handi bat kontraturik gabe geratzen dela hizkuntza- eta kulturarteko- gaitasun faltagatik”. Haren ustez, Europari datxekion eleaniztasuna inoiz baino garrantzitsuagoa da, industria-ekonomia ezagutzaren ekonomia bihurtu delako; horregatik, "eleaniztasuna aspektu gakoa da enpresaren estrategia-markoan".

Hala, azken hogei urteetan hegoaldetik iparraldera bizitokien eta saltokien lekualdatze garrantzitsu bat eman bada ere (Hendaian dagoen biztanleriaren % 30 espainiarra da),  ikerketak jasota utzi du “errealitate horrek ez duela mugaren bi aldeetan lan-gardentasunik egonkortu, eta funtsean bi lan-merkatu ezberdin balira bezala jarraitzen dutela funtzionatzen".

Eta lortu den erretratuak erakusten digu enpresek kudeaketa-dinamika eleaniztunak era murriztuan barneratu dituzten arren eta bi aldeetako garapen ekonomikoko eta lan-bitartekotzako agenteek hurbiltzeko egin behar duten ibilbidea oraindik ere oso zabala den arren, ‘muga’-ren bi aldeen artean sortutako sentsibilitateak eta harremanezko dinamikak Bidasoako eskualdea lanerako marko ezin hobe bihurtzen dutela, enpresatik eta lan-eremutik eleaniztasunaren kudeaketaren aldeko apustuan aurrera egiteko”.

LANGUNEn diote apustu horretan funtsezkoak izango direla ekintza hauek:

  1. Euskararen Ezarpen Planetan jasotako esperientzia eta ikasketak optimizatzea. Hau da: plan horietan aurretiko ikaskuntzaren esanahia aprobetxatzea eta enpresetan eleaniztasuna ezartzerakoan besterengarri egitea.
  2. Hizkuntzak ikasteko modeloa aldatzea enpresan. Horrek ez du esan nahi enpresan hizkuntzak zeharkako beste edozein prestakuntzan ikasten diren antzera ikasiko direnik. Hizkuntzak lanpostu zehatz bat betetzeko tresna gisa erabiltzen ikastea da kontua. Ibilbide horretan, hizkuntza-gaitasunen kudeaketa eta gaitasunen arabera ikastea, lanpostuaren arabera, interesezko bide bat da. 
  3. Finantzaketa-marko berria eta hizkuntzen ikaskuntzari laguntza publikoa ematea enpresan, egokitua eta eraginkorra. 
  4. Mugaren bi aldeetan tokiko garapen ekonomikoaren sustapeneko eta lan-bitartekaritzako aktoreak gerturatzea, lankidetzarako espazioak sortzeko.
  5. Horretarako, enpresako arduradunak sentsibilizatu behar dira, jada ibilbide hori egin duten beste enpresa batzuen esperientziak ezagutuz eta besterenduz.

Ikuspegi horretatik, Bidasoako eskualdeak duen hizkuntza-eszenatokiak AUKERA EREMU bat marrazten du:

  • Enpresentzat; eleaniztasunaren kudeaketatik aurrera egiteko, lehiakortasuna hobetzeko ibilbidean, ingurune orokor batean.
  • Hizkuntza-industriarentzat berarentzat, berrikuntzarako eta merkatu-hobi berrien irekierarako eremu gisa. 
  • Sektore publikoarentzat, hizkuntzak ikasteko eraginkorragoak diren mekanismoen bilaketan. 
  • Hiritarrentzat, beren lan-aukerak hobe ditzaketelako gizarte-ingurune plural eta bateratu batean.

ZENBAIT EMAITZA KUANTITATIBO
Hona hemen egindako azterketatik eratorritako zenbait datu kuantitatibo:

  • Enpresen % 60ak hizkuntza nagusiaz aparte (gaztelania eta frantsesa, hurrenez hurren) beste hizkuntza batzuk erabiltzen dituzten bezeroak ditu: % 71 merkataritzaren kasuan eta % 54 industriaren kasuan.
  • % 55ak uste du langileen hizkuntza-gaitasunak kanpoko bezeroarengana iristea baldintzatzen duela. % 36 industriaren kasuan eta % 71 saltokien kasuan.
  • Hona hemen enpresek beren jardueraren garapenean hizkuntzei ematen dieten garrantzia:
    • Frantsesa da jarduera-eremu guztietan gehien baloratzen den hizkuntza: 1etik 3ra arteko eskalan 2,4ko puntuazioarekin. Ingelesa da bigarrena, 1,7ko puntuazioarekin, industriak merkataritzak baino gehiago baloratzen badu ere (1,9ko puntuazioa 1,5eko puntuazioaren aurrean). Euskararen balorazioa ingelesaren parekoa da (1,6), baina merkataritzan askoz ere garrantzitsuagoa da (1,8) industrian baino (1,1).
    • Hizkuntzetako ikasleek uste dute mugaz bestaldeko egoerak lan-aukera gehiago sortzen dituela mehatxuak baino ("beste aldearen" lehia handiagoa).  Egoera hori ez dator bat Bidasoaren bi aldeen arteko lan-merkatuaren iragazkortasun-faltarekin; izan ere, frantsesa eta gaztelania posizioa galtzen doaz ingelesarekiko; eta euskarak berak aurrera egin du. 
  • Ingeleseko ikasleei egindako galdeketa laburrak frantsesarekiko parekotasuna erakusten digu, edo haren aurretik dagoela, eta euskara, berriz, mugaren beste aldearekin komunikatzeko hizkuntza dela. Behintzat % 80ak dio ez duela sekula “beste aldean” lan-bilaketarik egin, ezta planteatu ere, horretarako hizkuntza-gaitasunik ez duelako; ildo horretatik, % 60ak aitortu du hizkuntza-zailtasunak dituela mugaren beste aldearekin elkarri eragiteko.
  • Erakunde batean, kasuen % 72an, zuzendaritzari dagokio hizkuntza-gaitasunak kudeatzea. Enpresen % 36ak gaitasunak ezagutzen ditu eta erregistratuta ditu:  % 60ak, berriz, ezagutzen ditu baina ez ditu erregistratuta.
  • Enpresan, kasuen % 23an, langileen hizkuntza-gaitasunak hobetzeko bidea prestakuntza da, eta kasuen % 10an, kontratazioa; % 65an, berriz, bi bideetatik egiten da. Baina galdeketa egin zaien lau enpresetatik batek bakarrik eskaini die langileei hizkuntza-prestakuntza azkeneko bi urteetan. Gehien eskainitako hizkuntza ingelesa izan da (%17), frantsesa, gero (%13), eta, euskara, azkenik (%1).
  • Lanbide-jardueran hizkuntzen ezagutzak duen inpaktua guztiz lagungarria dela balioesten dute langileek:
    • Hizkuntzetako hamar ikasletik zazpik badaki haren hizkuntza-profil (baxuak) kalte egiten diola enplegagarritasunari, "larriki" gainera, kasuen erdian.
    • Galdeketa egin zaien ikasleen % 53ak uste du hizkuntzen gaineko ezagutzak lana lortzen edo lanean igotzen lagundu diola, eta % 45ak uste du ezagutza horrek haren lanbide-jarduera bideratu duela.
    • Hizkuntza-ikasketak erraztearekin zerikusia duen edozein aspektuk lotura zuzena dauka enplegagarritasunaren edo lan-sustapenaren hobekuntzarekin.  Gero eta gehiago uste da hizkuntza-ikasketak enplegagarritasuna hobetzen duela. % 68ak uste du ingelesa oso garrantzitsua edo nahiko garrantzitsua dela; % 72ak, berriz, frantsesari dagokionez, eta % 77ak, euskarari dagokionez.

Argazkiak: https://flic.kr/s/aHsjZxBcgV

Albiste erlazionatuak

LANGUNE, aurrera begira

2024/02/28

2023a sendotze urtea izan da LANGUNErentzat. Bazkide berriak lortu ditu, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du eta hainbat jardunaldi eta ekitaldietan parte hartu du.

Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen

2024/02/28

LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.

Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

2024/02/27

LANGUNEko bazkideak Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du bere esperientzia eta ibilbidea.