Itzultzaile-ikasketak unibertsitate gehiagok eskaintzea nahi du Europako Batzordeak

2010/11/15

Bultzada berria eman du Europako Batzordeak Europako unibertsitate gehiagok eskain ditzaten kalitate handiko ikasketak itzultzaile moduan jardun nahi duten ikasleentzat.

Horren baitan, bere ‘European Master's in Translation’ unibertsitate-sarea ari da zabaltzen, lan-merkatuan den behar bezala prestatutako itzultzaile-eskasia gero eta handiagoari aurre egiteko joan den urtean abiatu zena. Sare moduan ez ezik, EMT kalitate-label moduan ere ezaguna da. Orain artean Europako 34 unibertsitatek lortu dute arrakastaz biltzea sarera (ikus beheko lotura zerrenda bistaratzeko). EMT labela erabili nahi duten unibertsitateei itzulpengintza-munduko adituek, gehienetan sareko kide direnek, ebaluatzen diete beren eskaintza. EMT sarea urriaren 11-13an bilduko da Bruselan bere urteroko konferentzia egiteko.

‘Herrialde askotan, edozeinek esan dezake itzultzailea dela bere gaitasun profesionala bermatzen duen inolako agiririk gabe. EMT proiektuaren epe luzerako helburua da itzultzaileen prestakuntza-estandarra handitzea; EMT labela duen ikastaro bat, hartara, sektoreko onenetakoa izango da edonorentzat’. Hala mintzatu da Androulla Vassiliou, Hezkuntza, Kultura, Eleaniztasuna eta Gazteriarako Europako Komisarioa.

Bi kezka nagusiri erantzuteko sortu zuen Europako Batzordeak EMT proiektua: munduan zehar kalitate handiko hizkuntza-zerbitzuen eskaera gero eta handiagoa izatea, eta bizkor handitzen aritzea, alde batetik, eta 2004 eta 2007 bitartea, Europako Batasuneko hizkuntza ofizialen kopurua bikoiztu izana, 11tik 23ra, hain zuzen.

Oso ari da handitzen munduan barrena itzulpen-zerbitzuen eskaera. Europako Batasuneko hizkuntza industriari buruz 2009. urtean egindako ikerlan baten arabera1, egungo fakturazioa % 10 inguru handituko da urtero, gutxienez, datozen zenbait urtetan, eta 2015erako 20.000 milioi euro inguru balioko du industriak.

Itzulpengintza, interpretazioa, azpititulugintza, bikoizketa eta lokalizazioa (itzulpenak tokiko  beharretara egokitzea) biltzen ditu bere baitan hizkuntzen industriak.  Gaitasun linguistikoetatik gero eta haratago doaz gaur egungo lan-merkatuan lehiatzeko itzultzaile batek behar dituen abileziak. EMT proiektuak hauteman du enpresagintzako, proiektuak kudeatzeko eta negoziatzeko abileziak ere behar dituztela. Zentzu horretan, unibertsitate askok, testuak nola itzuli ez ezik, negozio bat nola kudeatu behar den ere irakasten diete beren ikasleei.

Europako Batasunean 250 unibertsitate eta bestelako goi-irakaskuntzako zentro inguruk eskaintzen dituzte etorkizuneko itzultzaileentzako prestakuntza akademikoa.

Batzordearen Itzulpenetarako Zuzendaritza Orokorrak laguntza administratiboa eskaintzen dio EMT sareari, eta topagune moduan dihardu kideek informazioa eta jardunbide egokiak parteka ditzaten. 300.000 euro inguru bideratu ditu Batzordeak laguntza administratibo horren kostua eta sarearen 2010eko urteroko konferentziaren kostua estaltzeko. Ez du zuzeneko laguntza finantzariorik eskaintzen ez ikastaroetarako, ez ikasleentzat.

Informazio gehiago, hemen:

 

Albiste erlazionatuak

LANGUNE, aurrera begira

2024/02/28

2023a sendotze urtea izan da LANGUNErentzat. Bazkide berriak lortu ditu, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du eta hainbat jardunaldi eta ekitaldietan parte hartu du.

Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen

2024/02/28

LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.

Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

2024/02/27

LANGUNEko bazkideak Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du bere esperientzia eta ibilbidea.