Languneren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetza hitzarmena

2012/05/02

Langune Hizkuntza Industrien Elkarteak eta Euskaltzaindiak bi erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena sinatu dute Bilbon, Akademiaren egoitzan. Langunearen izenean Josu Waliño presidenteak sinatu du, eta Euskaltzaindiarenean Andres Urrutia euskaltzainburuak. Gainerako euskaltzainekin batera -sinatze ekitaldia osoko batzarraren atsedenaldian egin da- Fernando Alana Languneko zuzendaria ere hor izan da.


Bai Josu Waliñok, baita Andres Urrutiak ere, gaurko ekitaldia "pozgarria" dela esan dute. Horretaz gain, etorkizunean hitzarmena egoki garatuko den esperantza adierazi dute biek. Urrutiak esan duenez, "badaukagu zer konpartitu eta zertan lan egin, espero dezagun hau zehaztea eta gauzatzea proiektu jakin batean".

Hitzarmen horrek bi urteko iraupena izango du eta bere xedea hizkuntza gaietako ekimenak gauzatzea, garatzea eta zabaltzea izango da. Bi erakundeon arteko elkarlana euskararen normalizaziorako proposatzen diren egitasmoen inguruan gauzatuko da, teknologia berrien arloan euskararen presentzia eta erabilera areagotzera bideratutako proiektuen inguruan batez ere.

Horretaz gain, hauek dira hitzarmenaren ildo nagusiak:

  • Langunek antolatzen dituen ikastaro, jardunaldi, mintegi, aholkularitza, eta bereziki hizkuntzaren jakiteari zein erabilerari dagokien prestakuntzan, Euskaltzaindiaren gramatika, lexiko, ortografia, toponimiari eta euskalkien erabilerari buruzko irizpideak aintzat hartuko ditu, eta hauek zabaltzeko moduak landuko ditu. Prestakuntza arlo horretan Euskaltzaindiak parte hartuko du, egitasmo bakoitzean adosten den eran.
  • Langunek Euskaltzaindiari egingo dizkio gramatika, lexiko, ortografia, toponimia eta euskalkien erabileraren inguruko kontsultak, eta Euskaltzaindiak kontsulta horiei erantzuna emango die.
  • Bi erakundeok publikatzen dituzten argitalpenak elkarren artean trukatuko dituzte. Gainera, argitalpen-egitasmoak partekatuko dituzte.
  • Erakunde biok erraztasunak emango dizkiote elkarri egoitza nahiz azpiegitura erabiltzeko, adosten dituzten ekintzetan baliatzeko.

Helburu hauek lortzeko, Languneak eta Euskaltzaindiak Jarraipen Batzordea sortuko dute, erakunde bakoitzeko bina kide izango dituena.

http://www.euskaltzaindia.net/index.php?option=com_content&catid=121&id=3836&lang=eu&view=article

 

Albiste erlazionatuak

Gipuzkoako Bazkundeak 2024ko Gipuzkoako Enpresa saria eman dio MLAKoop kooperatibari

2024/04/24

Ganbara-erakundeak 2024ko zerbitzu-enpresa saria eman dio LANGUNEko bazkidea den MLAKoop kooperatibari

LANGUNE, aurrera begira

2024/02/28

2023a sendotze urtea izan da LANGUNErentzat. Bazkide berriak lortu ditu, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du eta hainbat jardunaldi eta ekitaldietan parte hartu du.

Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen

2024/02/28

LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.