Odyssey 2016: The Speaker and Language Recognition Workshop. Ekainaren 21-24an

2016/06/13

Hiztun eta hizkuntzen karakterizazio eta identifikazioan diharduten mundu mailako adituak bilduko dira Bilbon 4 egunez, teknologiaren azken ekarpenak aurkeztu eta etorkizuneko garapenari buruz eztabaidatzeko

Ekainaren 21etik 24ra, Odyssey 2016: The Speaker and Language Recognition Workshop deritzon nazioerteko biltzarra ospatuko da Bilbon. Mundu mailako ikerlariek (matematikariak, fisikariak, ingeniariak, informatikariak, hizkuntzalariak, etab.), industriako ordezkariek, auzitegi zuzenbidean adituek eta herrialde ezberdinetako segurtasun eta inteligentzia agentzietako kideek, denera 100 partaide baina gehiagok, bat egingo dute Abandoibarrako UPV/EHUren paraninfoan (Bizkaia Aretoa). Odyssey 2016 biltzarrean 60 ekarpen zientifikotik gora aurkeztuko dira (31 herrialde eta 242 egile ezberdinen lanak), hiztun eta hizkuntzen (baita ere dialekto eta azentuen) karakterizazio, modelatze, identifikazio eta segmentazioaren arloetan lortzen ari diren aurrerapen berrienekin.

Banda zabaleko sareen eta Internet bidezko zerbitzuen garapena eta grabazio gailuen eskuragarritasuna dela eta, ikus-entzunezko edukien ekoizpen eta biltegiratzea nabarmen hazi da azken urteotan. Eduki hauen prozesatzeak hizkuntza eta hiztunen identifikazioa burutzen dituzten moduluak behar izan ditzake. Modulu horiek, orokorragoak diren beste transkripzio, segmentazio, etiketatze edo indexazio tresnen laguntzaile izan ohi dira. Auzitegi eta zaintza eremuetan ahotsak izan lezakeen erabilera ere kontutan hartzekoa da. Baita ere biometriaren arloan, normalean beste teknika ezberdinekin batera (esaterako, nortasun aztarna edo irisa), eraikin edo gailu elektronikoei sarbidea eman edo banku eragiketa elektronikoak segurtasunez egiteko.

Hizkuntza eta hiztunen karakterizazioa eta hauen egiaztatze bizkor, zehatz, eraginkor eta sendoa gauzatuko dituzten teknologien garapena bereziki interesgarria da segurtasun eta zaintzaren ardura duten gobernu-agentzientzat eta justizia erakundeentzat, izan ere, hiztunaren identitatearen egiaztatzean oinarritutako froga akustiko ugari prozesatu behar izaten bait dituzte.

Azken urteotan, hainbat herrialdetako gobernu-agentziek baliabideen (datu-baseak, metrika eta ebaluazio protokoloak, etab) sorkuntza finantzatu eta nazioarteko ebaluazioak jarri dituzte martxan, orain arte oso garestiak eta adituen menpekoak ziren eta askotan desiratutako zehaztasun-mailetara iristen ez ziren prozesuak automatizatzeko asmoz. Inbertsio horien emaitza, egungo teknologiaren errendimendua nabarmen hobetzea izan da.

Segurtasun eta auzitegi arloetatik at, hiztun eta hizkuntzen segmentazio eta identifikazio metodo automatiko edo erdiautomatikoen garapena interesgarria izan daiteke bere edukiak transkribatu eta segmentatu behar dituzten parlamentuen moduko erakunde publikoentzat edo ta multimedia-enpresentzat (telebista, irratia, etab). Horrek, gainera, hizkuntza gutxituen hizkuntza-baliabideen ekoizpen eraginkorragoa lortzen lagundu dezake, errentagarria ez izanagatik enpresa handiek ez bait dizkiete baliabideak eskaintzen. Azkenik, neurona-sare sakonen (DNN, Deep Neural Networks) erabilerari esker, mintzo teknologiek azken urteotan lortutako aparteko heldutasun-mailak mota guztietako gailuekin ahozko interakzioa bideratzeko aukera eskeini du. Esparru horretan, hizkuntza eta hiztunaren egiaztapena ezinbestekoak dira bai autentifikazioan (sarbidea) bai aplikazio askoren errendimendua optimizatzeko orduan (adibidez, ahots-testu transkripzio sistema automatiko bat hiztun zehatz bati egokituz).

Odyssey 2016, ekitaldiaren hamargarren edizioa da, 1994, 1998 eta 2001ko hiru edizioen eta 2004tik aurrera biurteko jardunaldi bilakatu ondoren. Speaker Odyssey jardunaldia (hala da ezaguna ikerkuntza komunitatearen barnean) Ahozko Komunikazioaren Nazioarteko Elkarteko (ISCA, International Speech Communication Association) hiztun eta hizkuntzaren karakterizaziorako interes-taldeak (SIG-SpLC, Special Interest Group on Speaker and Language Characterization) bultzaten du. Jardunaldiko ikertzaile askok osotzen duten ISCA erakundeak, edizio bakoitzean ikasle batzuei bertara joateko bekak emateaz gain, bere webgunean edizio guztietako artikuluak doan eskeintzen ditu, ISCA Archive deritzon gordailu iraunkorrean.

Odyssey 2016ren antolamendua 2006. urteaz geroztik ekitaldi honetan parte hartu duten Espainiako bi talderen eskutik dator: UPV/EHUko Software Teknologien Lantaldea (GTTS) eta Zaragozako Unibertsitateko ViVoLab taldea, Luis Javier Rodriguez Fuentes (GTTS) delarik antolaketaren arduradun nagusia eta Eduardo Lleida (ViVoLab) programa teknikoaren arduraduna. Azpimarratzekoa da ikerketa-arlo honetan Espainiako taldeek duten ordezkaritza maila. Izan ere, 2004ko Speaker Odyssey Toledon antolatu zen, Madrilgo Unibertsitate Autonomoko ATVs taldearen eskutik, eta talde honetatik (spin-off gisa) Agnitio sortu zen, sektore honetako gaur egungo puntako enpresetako bat, mundu osoan zehar kontratu garrantzitsuak eta kalitate goreneko produktuak dituena. Jada aipatutakoez gain, badira ere Katalunia eta Madrilgo Unibertsitate Politeknikoetan edo Vigoko Unibertsitatean antzeko gaietan diharduten beste lantalde batzuk.

Odyssey 2016k Euskal Herriko Unibertsitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren diru-laguntza jasotzen du, eta Agnitio, Cirrus Logic eta Dialoga Systems bere enpresa babesleak dira. Zaragozako Unibertsitateak, Mintzo Teknologien Sare Tematikoak (Ekonomia eta Lehiakortasun Ministerioak finantzatuta) eta Bilboko udalak (Bilbao Turismo & Convention Bureauren bidez) osatzen dute erakunde laguntzaileen multzoa.

GTTS taldeak 10 urte daramatza Odysseyren inguruko alorretan ekarpenak egiten, Euskal Herriko Unibertsitateak, Eusko Jaurlaritzak eta MINECOk babestutako hainbat ikerketa proiektuekin, 2010 eta 2015ean aurkeztutako bi doktorego tesiekin (hiztun eta hizkuntzaren identifikazioari buruzkoak), hizkuntza-baliabideen sorkuntzarekin eta nazioarteko hainbat ebaluazioen antolakuntzarekin. Taldea, UPV/EHUko Elektrizitate eta Elektronika Saileko (Leioako Zientzia eta Teknologia Fakultatea) 4 irakaslek eta doktoratu ondoko ikertzailea batek osotzen dute. 4 irakasleek, UPV/EHUko Zientzia eta Teknologia Fakultateko fisikariak badira ere, beren ikerketa-jarduera (doktore-tesia eta ondorengo ikerketa) ahots teknologien alorrean garatu dute, seinaleen prozesamenduaren, konputazio zientzien eta makinen ikaste automatikoaren arloko ekarpenekin. Azken 10 urteetako taldearen argitalpen zerrendak nazioarteko aldizkari eta jardunaldi garrantzitsuenetako 60 ekarpen baino gehiago biltzen ditu (ikushttp://gtts.ehu.es/gtts/?m=1&p=publications). Taldekideak, gainera, nazio eta nazioarteko hainbat jardunaldi eta aldizkarien batzorde zientifikoen partaide dira. GTTS eta ViVoLab Odyssey 2016 antolatzeko aukeratuak izanak, bi talde hauek urteetan egindako ekarpenen aintzatespena dakar.

Bizkaia Aretoa, Bilbao, 2016ko Ekainaren 21-24 - http://www.odyssey2016.org

Albiste erlazionatuak

LANGUNE, aurrera begira

2024/02/28

2023a sendotze urtea izan da LANGUNErentzat. Bazkide berriak lortu ditu, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du eta hainbat jardunaldi eta ekitaldietan parte hartu du.

Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen

2024/02/28

LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.

Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

2024/02/27

LANGUNEko bazkideak Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du bere esperientzia eta ibilbidea.