Xabier Amurizaren liburu berria: "Euskara batuaren bigarren jaiotza"

2010/09/20

Osoa, leihakorra, nazionala / Euskara Batuaren bigarren jaiotza izeneko saiakera aurkeztu du Xabier Amurizak. Liburuaren eskaintzak dio: "Euskara eguneroko lantresna dutenen artean, diskurtso handiak baino soluzio txiki bat nahiago duten guztiei".

Izatez, soluzio ‘txiki’ bat ez ezik, soluzio handiak eta asko ematen saiatzen da, hiru atal nagusitan:

  • I) EUSKARAREN HUTSUNEAK. Bertan, erlatiboan, konkordantzian eta beste hainbat arlo garrantzitsutan oraindik dauden arazo larriak planteatzen eta soluzionatzen ahalegintzen da.
  • II) ADITZAREN FANTASIA HEROIKOA. Aditzari buruzko atal luze hau arazoen planteatzea gehiago da soluzioen eskaintza baino, nahiz eta hemen ere irizpide eta bide oso zehatz batzuk markatzen diren.
  • III) HIZTEGI OSOA, NAZIONALA ETA BAKARRA. Sail luze honetan, hiztegigintzako hutsune oraindik handiak eta irizpide ustez nahasiak eta okerrak planteatzen dira, oso proposamen zehatzak eginez, saiakeraren sarrerako pasarte batek dioen ildotik:

"Lehiaren lege gupidagabez baino ez bada ere, bada inguruko hizkuntzekin nahitaez konpartitu behar dugula uste dudan ondare komun oso zabal bat, gramatikak eta hiztegiak orain arte onartzen ausartu diren baino askoz zabalagoa, eta erabaki dut ez egotea hizkuntzalari, hiztegilari, gramatikari eta arauemaileen zain. Badakit bat baino gehiago aurkitzen direla nire antzeko sentieran, eta baliteke horiei ondo etortzea lan honetan planteatzen diren arazoak, eta eskaintzen diren soluzioak".

Badira, azkenik, beste atal txiki gehigarri batzuk ere, hala nola, ZUZENTZAINDIA, SORTZAINDIA eta abar.

Liburua eskuratzeko Lanku.com gunera jo: denda / Liburuaren inguruko ikastaro edo hitzaldia.

Albiste erlazionatuak

LANGUNE, aurrera begira

2024/02/28

2023a sendotze urtea izan da LANGUNErentzat. Bazkide berriak lortu ditu, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du eta hainbat jardunaldi eta ekitaldietan parte hartu du.

Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen

2024/02/28

LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.

Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

2024/02/27

LANGUNEko bazkideak Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du bere esperientzia eta ibilbidea.