Euskarabilduaren 14. edizioa egingo du Iametzak

2025/10/10

Interneten gobernantza eta euskal komunitateak sare globalean duen papera izango ditu hizpide

Card image cap

Korporazio teknologiko handiek espazio digitalaren gainean erabakitzeko boterea kontzentratzen duten testuinguruan, Euskarabildua 2025ek auzi klabe batean jartzen du fokua: Nork gobernatzen du internet?

Teknologia modu burujabe eta kritikoan kudeatzea ezinbestekoa da herritarren eskubideak defendatzeko, kultur eta hizkuntza aniztasuna babesteko eta etorkizun digital justuagoa bermatzeko.

Begirada kritikoa eta globala

XXI. mendean, korporazio teknologiko handiek —Google, Meta, Amazon, Apple, Tesla— aberastasuna pilatzeaz gain, datuak bildu, narratibak moldatu eta nazioarteko sistemaren arauak berridazten dituzte. Institut Cerdàren arabera, 2024an hodeiko zerbitzuen fakturazioaren % 67 AEBko hiru enpresatan soilik kontzentratu zen, eta Interneteko bilaketen % 82 Googleren bidez egin ziren.

Errealitate horren aurrean, Euskarabilduak gogoeta bat planteatzen du:

  • Nork hartzen ditu erabakiak interneten?
  • Zer interes daude jokoan?
  • Zein da euskal komunitate txikien tokia, aukera eta zeregina sare global horretan?

Hitzaldiak eta adituen ahotsak

Topaketan erreferentziazko hizlariek hartuko dute parte:

  • Manuela Battaglinik (datuen etikan eta pribatutasunean espezializatutako abokatua) Adimen Artifizialaren inguruko politikak eta geopolitikak eta horiek gure bizitzetan eragiten dituzten ondorioak aztertuko ditu.
  • Cristina Caffarrak (Eurostack proiektuaren bultzatzailea eta lehiakortasun ekonomikoan aditua) Eurostack proiektu europarra aurkeztuko du.
  • Amadeu Abrilek (abokatua eta .cat domeinuen sustatzailea) interneteko desgobernua nola antolatzen den azalduko du.
  • Josu Waliñok (PuntuEUS Fundazioko zuzendaria) gobernantzaren egiturak azalduko ditu Interneten, euskal ikuspegitik.
  • Iratxe Esnaolak (Deustuko Unibertsitateko irakasle eta ikertzaileak) hezkuntzaren digitalizazio burujabeaz hitz egingo du.
  • Elixabete Garciak (Eusko Jaurlaritzako Eraldaketa Digitaleko zuzendaria) eta Aitor Soroak (EHUko Hitz Katedrako zuzendaria) euskarazko hizkuntza-teknologia propio baten aukeraz eztabaidatuko dute.
  • Lorea Arakistainek (PuntuEUS Fundazioko komunikazio arduraduna) eta Asier Etxeberriak (Iametzako negozio ereduen arduraduna) ni.eus aurkeztuko dute, euskarazko posta eta hodei seguruaren proposamena.

Euskal ekimenen erakusleihoa

Hitzaldiez gain, tokian tokiko proiektuentzako lekua ere izango da, burujabetza digitala praktikan nola gauzatzen den erakusteko:

  • Bernat Etxepare Lizeoko esperientzia.
  • Zibergara, burujabetza teknologikoa sustatzeko elkartea.
  • Zikloan, hilekoaren jarraipena egiteko euskal aplikazio independentea.

Zer da Euskarabildua?

Euskarabildua dibulgazio jardunaldi bat da, euskara eta teknologia uztartzea helburu duena, gizartean eragiten duten eta Euskal Herrian burujabetza digitala eta linguistikoa sustatzea ahalbidetzen duten ekimen berritzaileen hausnarketarako eta hedapenerako gunea. 2012tik antolatzen du LANGUNEko bazkidea den Iametzak, Argia eta Ametzagaiñarekin batera.

Izen-ematea doakoa da, eta dagoeneko irekita dago www.euskarabildua.eus webgunean.

 

Albiste erlazionatuak

Europako hizkuntza gutxituen agenda digital bateratu eta burujabe baten alde

2025/09/30

Euskara benetan digitaliza dadin aukera bakarra dugu: teknologikoki burujabeak izan behar gara.

Mugaz gaindiko komunikazio eleanitzari buruzko uda-ikastaroa

2025/04/11

Komunikazio eleanitzari buruzko mugaz gaindiko udako ikastaroa izango da 2025eko uztailaren 2an Baionako Arteen Hirian.