ILENIA: Hizkuntzen sustapena Adimen Artifizialean jardunaldia
Hizkuntzaren Teknologien eragin handiko erabilera-kasuen azterlana aurkeztu zuen bertan LANGUNEk
Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) eta LANGUNEko bazkide den HiTZ Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak, ILENIA Proiektuarekin batera, hizkuntzaren ekonomia berria eraldatzen ari diren teknologia digitalei buruzko jardunaldia egin zuten azaroaren 4an Donostiako Miramar Jauregian.
Jardunaldian Aitor Aldasorok, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak adierazi du aurrekaririk gabeko eraldaketa bizi dugula adimen artifizialak bultzatuta, eta iraultza teknologiko honen erdigunean hizkuntzak daudela, "gizaki egiten gaituztenak". Azpimarratu duenez, “adimen artifiziala benetan inklusiboa eta etikoa izan dadin, eleanitza izan behar du". Zentzu horretan, Latxa GAITU edo EUSKORPUS bezalako euskal ekimenak nabarmendu ditu, euskararen erabilera soziala sustatu eta corpus irekiak garatzen dituztenak, "aro digitalean hizkuntza bakar bat ere atzean geratzen ez dela" ziurtatuz. Adierazi duenez, "hizkuntza aniztasunak indartu egiten gaitu" gizarte gisa.
Jardunaldian Lohitzune Txarolak, LANGUNEko zuzendariak, LANGUNE eta EMUN Aholkulariak taldeak elkarrekin osatutako Hizkuntzaren Teknologien eragin handiko erabilera-kasuen azterlanaren emaitzak aurkeztu zituen.
Ondoren, LANGUNEko bazkide diren HiTZ Zentroak eta Orai NLP Teknologiak-ek LATXAn oinarritutako bi demostradore aurkeztu zituzten:
• AhoMyTTS Kalitate handiko ahots sintetiko pertsonalizatuak lortzeko plataforma eta aplikazioa da. Ahozko ezintasunak dituztenei edo ahoko ezintasunak eragiten dituzten endekapenezko gaixotasunak dituztenei zuzenduta dago – EHUko HiTZ Zentroa.
• BlokLM erabiltzaileei beren dokumentuak antolatzen, ulertzen eta laburtzen laguntzeko diseinatua dago. Laguntzaile birtual baten gisa lan egiten du, galdera-erantzunak, laburpenak, FAQak, kontzeptu-mapak eta podcast moduko audioak sortuz – Orai NLP.
Aurrerapausoak hizkuntzaren ekonomian
Erakusle horiek EHUko HiTZ zentroak garatutako LATXA hizkuntza-ereduaren potentziala erakusten dute, eleaniztasuna eta hizkuntza-aniztasuna ingurune digitalean integratzen dituzten adimen artifizialeko aplikazio berrietarako oinarri gisa. ILENIArekin, Euskadik eta Euskal Herriko Unibertsitateak hizkuntza-azpiegitura ireki eta iraunkorren garapenean erreferente gisa duten posizioa indartzen dute, funtsezkoak baitira hizkuntzaren ekonomia berrirako eta sektorearen eraldaketa digitalerako.