AskHezi euskarazko diktaketa-sistema berria aurkeztu da

2025/03/20

LANGUNEren aholkularitzarekin, Orai NLP adimen artifizialeko zentroak euskarazko diktaketa-sistema berria garatu du, haurren ahotsak modu eraginkorrean ulertzeko gai dena. Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak, Seaskako Integrazio Batzordeak eta Nafarroako Sortzen Elkarteak bultzatutako proiektua da, eta ‘Euroeskualdeko hiritartasuna’ deialdiko eta SPRIren dirulaguntzei esker garatu da.

“Sistemak desgaitasun motorrak dituzten haur eta gaztetxoen ikasketa-prozesuan lagunduko du —adierazi du Igor Leturia Oraiko hizketa-teknologien arduradunak—, euskarazko idazlanak egiteko aukera eskainiz, tekleatu beharrik gabe, ahots bidez diktatuta.” Dagoeneko erabat garatuta dagoen plataformak euskaraz esandakoa transkribatzen du, eta hizketa bidezko komandoak erabiliz edukiak moldatzeko aukera ematen du (ikusi bideoa).

LANGUNEk hizkuntza-teknologiaren esparruan duen konpromisoaren erakusgarri da proiektu hau. “Hizkuntza-teknologiak bizitzako esparru guztietara zabaltzea eta inklusibitatea bermatzea da gure helburua —adierazi du Lohitzune Txarola Languneko zuzendariak—; bereziki, behar bereziak dituzten haurren erronkei erantzuteko.” Horri erantzunez, duela hiru urte jarri ziren martxan AskHezi proiektuaren oinarriak, Orairekin elkarlanean.

Oraik garatutako euskarazko hizketa-testu bihurtzeko sistemak haurren ahotsetara egokitzeko, Euskal Herriko hainbat ikastola eta eskola publikotako 479 ikasleren ahotsak bildu dira. 70.000 grabaziotik gora egin dira, eredu neuronalak entrenatzeko.

Hurrengo erronka: sistema martxan jartzea

Proiektuaren sustatzaileak pozik daude lortutako emaitzarekin: “Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren aplikazio oso baliagarria da hau, dibertsitate funtzionala duten haurrei euskaraz ikasteko tresna eskaintzen baitiegu.” Dena den, oraindik azken urratsa falta da: erabiltzaileengana iristea.

“Plataforma garatuta dago, baina bere funtzionamenduak azpiegitura sendo bat behar du, sare neuronaletan oinarritzen baita. Eskalagarritasuna da gure erronka nagusia orain”, azaldu du Oraiko ikertzaileak.

AskHezi proiektua behar bereziak dituzten haurren gurasoen eskariari erantzunez jarri zen martxan. “Ikasketa-prozesu bat beharko dugu tresna egokiro erabiltzeko, baina oso aukera ona zabaltzen zaigu euskarazko hezkuntza-prozesuan aurrera egiteko”, dio Gabriel Martiarenak, proiektuaren sustatzaileetako batek.

LANGUNEren ikuspegitik, proiektua lankidetzaren eta teknologiaren inklusibitatearen adibide argia da. Proiektu honen garapena posible izan da Euroeskualdearen Akitania Berria – Euskadi – Nafarroa programaren eta Eusko Jaurlaritzaren SPRIren Adimen Artifizial Aplikatua deialdiaren laguntzari esker.

Albiste erlazionatuak

Mugaz gaindiko komunikazio eleanitzari buruzko uda-ikastaroa

2025/04/11

Komunikazio eleanitzari buruzko mugaz gaindiko udako ikastaroa izango da 2025eko uztailaren 2an Baionako Arteen Hirian.

Hizkuntza teknologien inpaktu handiko erabilera-kasuen azterketa aurkeztu du LANGUNEk

2025/04/08

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak, EMUN kooperatibarekin eta Langunerekin lankidetzan hizkuntza teknologietan inpaktu handiko erabilera-kasuak identifikatzea helburu izan duen azterketa burutu du.