Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

2024/02/27

LANGUNEko bazkideak Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du bere esperientzia eta ibilbidea.

Card image cap

LANGUNEko bazkidea den Elhuyar Europako Parlamentuan izan da Orai adimen artifizialeko zentroan egiten duen lana aurkezten. Goizeko 10:00etan egin dute agerraldia Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Igor Leturia Azkarate Oraiko hizketa-teknologien arduradunak Europako Parlamentuko Estrasburgoko egoitzan, Gutxiengoen Batzordean.

François Alfonsi Berdeak-Europako Aliantza Librea alderdiko diputatu korsikarrak gonbidatuta izan dira bertan.

Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du Elhuyarrek bere esperientzia eta ibilbidea. Hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lanaren berri eman du (Elia itzultzaile automatikoa, Aditu hizketa-ezagutzailea, eta TTS hizketa-sintesiko zerbitzua, besteak beste).

20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina du Elhuyarrek alor hauetan, eta aspalditik ohartuta daude horrek guztiak gure hizkuntzaren garapenerako duen garrantziaz. Horregatik eta horretarako sortu zuten duela urte eta erdi Orai, Elhuyarren adimen artifizialerako zentroa. Digitalizazioak euskararen irisgarritasuna eta hedapena errazten ditu, eta euskararena bezala, beste edozein hizkuntzarena ere. “Gizarte digital batean bizi gara, eta eremu digitalean sendo ez den hizkuntza baten etorkizuna oso larria izango da. Hizkuntzen biziberritze-prozesuetan digitalizazioa oso aintzat hartu beharreko elementua da. Horretaz ere ohartuta daude Europako hizkuntza handienak, frantsesa, gaztelania edota alemana kasu, ingelesaren mehatxuak euren hizkuntzei funtzionalitate eta erabiltzaile ugari galtzea ekar baitiezaieke. Are nabarmenagoa da mehatxu hori hizkuntza gutxiagotuentzat”, adierazi du Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak. 

Informazio gehiago

Albiste erlazionatuak

ALIA proiektua aurkeztu da Euskadin, AAren Europako lehen azpiegitura publiko irekia eta eleanitza

2026/03/23

Jardunaldia, LANGUNEk, GAIA Klusterrak eta Hitz Zentroak antolatu dute elkarlanean.

INDEUSen urteko lehen bileran parte hartu du LANGUNEk

2026/02/27

Jon Ansoleaga, Spriko zuzendari nagusiak, egin die harrera bertaratu diren plataformako kideei, euskararekiko eta INDEUSekiko duten konpromiso eta atxikimendua eskertuz.

bai&by Fundazioak ingelesa modu inklusiboan irakasteko proiektu pilotu berria abiatu du

2026/02/13

Pilotuak 6 hilabete iraungo du eta adimen-desgaitasun maila ezberdina duten 50 ikaslek parte hartuko dute.