Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak webguneetako edukia entzuteko teknologia garatu du @ElhuyarIG

2014/04/04

Elhuyar Aldizkaria eta zientzia.net webguneetako edukiak dagoeneko molde naturalean entzun daitezke

Elhuyarreko Hizkuntza eta Teknologia unitateak, EHUko Aholab taldearekin elkarlanean, ahots-sintesi bidez webguneak entzuteko teknologia garatu dute berriki. Teknologia hori aplikatu da dagoeneko Elhuyar Aldizkariko webgunean eta zientzia.net-en. Horiek horrela, erabiltzaileek aukera izango dute webgune horietako edukiak euskaraz molde naturalean entzuteko.

Ahots-teknologietan gaur egun lortu den aurrerapen-maila teknologiaren eta hizkuntzaren araberakoa da. Nahiz eta ahots-ezagutzan oraindik badagoen zer hobetua hizkuntza guztietan, ahotsaren sorkuntza naturalean oso emaitza onak lortzen dira; baita euskararentzat ere. “Aholabek oso kalitate oneko ahots sintetiko neutroa lortu du euskararako, aplikazioetan erabiltzeko modukoa”, adierazi du Igor Leturiak Elhuyarreko ikertzaileak. Horregatik, Aholabekin elkarlanean, Elhuyarrek Aholab-en ahots sintetikoa webguneetan integratzeko teknologia hau garatu du, eta Elhuyar Aldizkaria eta zientzia.net webguneetan aplikatu.

Artikulu, albiste eta erreportajeak entzutean, erabiltzaileek aukeratu ahal izango dute gizonezkoaren edo emakumezkoaren ahotsarekin entzun nahi duen. Gainera, esaldiz esaldi edo paragrafoz paragrafo nabigatu eta entzuteko aukera ematen da. Halaber, aldizkariko zenbaki bateko artikulu guztiak segidan entzuteko aukera ere eskaintzen da. Eta elkarrizketetan, haria hobeto jarraitu ahal izateko, testu nagusirako aukeratutako ahotsa ez bezalakoan irakurtzen dira galderak. Eta guztia HTML5 teknologia estandarrarekin garatua dago.

Ahots-sintesian oinarritutako teknologiak geroz eta garrantzia handiagoa ari dira hartzen: “Jada ez da soilik mahai gaineko ordenagailuetatik nabigatzen webean; gero eta gehiago ibiltzen gara Interneten gure smartphone eta tabletetatik, eta gailu horietan webguneak irakurtzeko baldintzak ez dira sarri oso egokiak: pantaila txikia da (batez ere, telefonoetan), mugimenduan joaten gara maiz (oinez, trenean, autobusean...) eta abar. Eta, aldi berean, horietan oso ohituta gaude edukia entzungailuen bidez (musika, irratia…) entzuten, beste zerbaitetan ari garen bitartean”, azaldu du Leturiak. Horregatik, Elhuyarrek oso interesgarritzat jo du webguneak entzuteko aukera izatea, eta ahots-sintesian oinarritutako teknologiak garatu eta merkatuan jartzea erabaki du.

http://www.elhuyar.org/EU/Prentsa-oharrak/Elhuyarreko-Hizkuntza-eta-Teknologia-unitateak-webguneetako-edukia-entzuteko-teknologia-garatu-du

Albiste erlazionatuak

Mugaz gaindiko komunikazio eleanitzari buruzko uda-ikastaroa

2025/04/11

Komunikazio eleanitzari buruzko mugaz gaindiko udako ikastaroa izango da 2025eko uztailaren 2an Baionako Arteen Hirian.

Hizkuntza teknologien inpaktu handiko erabilera-kasuen azterketa aurkeztu du LANGUNEk

2025/04/08

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak, EMUN kooperatibarekin eta Langunerekin lankidetzan hizkuntza teknologietan inpaktu handiko erabilera-kasuak identifikatzea helburu izan duen azterketa burutu du.