Itzulpen automatikoak txatbot teknologia merkatu batu digitalera hurbiltzen du @IxaTaldea

2016/11/21

Informatika Fakultateko irakasleak, Europako zortzi erakunderen partzuergoan, itzulpen automatikoa lantzen ari dira, laguntza teknikoa hainbat hizkuntzatan eman ahal izateko

Web guneetatik app-etara egin genuen salto, eta orain app-etatik txatbot adimentsuetara pasatzen ari gara, oztopo linguistikoak gaindituz mundu digital osora mugitzeko aukera emanaz. QTLeap ikerketa-proiektuak aurrerapauso bat egin du interakzio-modu berri honetan, eta itzulpen automatiko sakonari esker merkatu global digitalean errazago izango da hainbat hizkuntza erabiltzea.
Eneko Agirre UPV/EHUko Informatika Fakultateko irakaslearen aburuz "ordenagailu pertsonalen etorrerarekin, enpresek eta erakundeek web gunea garatu behar izan zuten bere presentzia digitala bermatzeko. Gerora, telefono mugikorrekin, mundu digitalera iristeko app aplikazioak sortzea ezinbestekoa izan da. Adimen Artifizialeko (AA) azken aurrerapenak ikusita, hurrengo urratsa txatbotak edo elkarrizketarako robotak izango direla dirudi, hainbat hizkuntzatan erabiltzaileekin elkarrekintzan aritzea erraztuko dutenak".

Arlo honen inguruan ari da lanean QTLeap—Quality Translation by Deep Language Engineering lankidetzako europar ikerketa-proiektua, Europar Batasunak finantzatutakoa eta zortzi partaideko partzuergo batek aurrera eramana (Euskal Herriko Unibertsitatea, Informatika Fakultatearen bitartez; Adimen Artifizialerako Ikerketa Zentro Alemana; Berlineko Humboldt Unibertsitatea; Bulgariako Zientzien Akademia; Groningeneko Unibertsitatea; Lisboako Unibertsitatea; Pragako Charles Unibertsitatea; eta, Higher Functions enpresa portugaldarra).
QTLeap proiektuak Itzulpen Automatikorako metodologia berritzaile bat ikertu eta garatu du, elkarrekintza globalerako teknologia-belaunaldi berri honi oztopo linguistikoak gainditzen laguntzeko.

"Emaitzen arabera, gure proiektuan garatutako Itzulpen Automatikoaren teknologiarekin, txatbot-a hizkuntza berri batera egokitu behar denean, kostuak %20an murriztu daitezke, hizkuntzaren arabera. PCMedic izeneko online motako laguntza-zerbitzu batean lortu dira emaitza hauek. Sortutako zerbitzuan, erabiltzaile batek Informazio-Teknologiako gailu edo zerbitzu batean duen arazoa duenean, galdera egingo dio txatbot-ari. Galdera edozein hizkuntzatan eginda ere, galdera hori itzuli eta galdera-erantzunen datu-basean bilatuko da. Sistemak, erantzuna automatikoki itzuli eta bere hizkuntzan erantzungo dio. Egun, Euskara, gaztelania, ingelesa, portugesa, alemana, txekiera, bulgariera eta nederlanderaz egin daitezke galderak.", argitzen du Eneko Agirrek.

Halaber, emaitzek erakusten dute proiektuan garatutako itzulpen sakoneko teknikek "artearen egoeran aurrerapauso bat ekarri dutela. Ikusten da teknika hauek orain arteko teknologia estandarrak baino itzulpen hobea lortzen dutela, %85eko probabilitateaz, hizkuntzaren arabera".

Egindako ikerketa hizkuntzaren prozesamendu sakonean datza. "Esaldiak egitura sakonaren eta esanahiaren arabera analizatuz gero, hizkuntzen arteko ezberdintasunak gutxitu egiten dira, itzulpena erraztuz".

Informazio zabalagoa lortzeko eta harremanetarako, bisitatu:

Albiste erlazionatuak

LANGUNEk 2025-2028ko plan estrategikoa landu du

2024/12/17

OPE Consultores aholkularitza enpresaren laguntzarekin, zuzendaritzako kideek lau saio egingo dituzte.

‘Hizkuntzen Irabazia’ kongresuak 200 lagun eta 17 hizkuntza gutxitu bildu ditu Donostian bi egunez

2024/11/27

Kongresuak agerian utzi du hizkuntzak aberastasuna direla. Ez soilik aberastasun kultural eta emozionala, baita ekonomikoa ere.

Lankidetza eta digitalizazioa hizkuntza hegemonikoei aurre egiteko

2024/11/27

‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresuak 200 lagun inguru bildu ditu bere lehenengo egunean.