Klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoa Hiztegia: baliabide berri bat, guztion eskura

2025/01/27

LANGUNEko kide den UZEIk, Kutxa Fundazioa, AZTI, BC3, IHOBE eta Naturklimarekin elkarlanean, euskarazko komunikazioa erraztuko duen baliabide berri bat sortu du.

Card image cap

Ingurumen-hezkuntzaren nazioarteko eguna dela eta (urtarrilaren 26a), esparru horretako euskarazko komunikazioa erraztuko duen baliabide berri bat aurkeztu dute LANGUNEko kide den UZEIk, Kutxa Fundazioak, AZTIk, BC3k, IHOBEk eta Naturklimak: Klima-aldaketa eta trantsizio ekologikoa Hiztegia.

Klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren gaia oso zabala eta zeharkakoa da, eta hura jorratzerakoan hainbat jakintza-eremutako terminoak erabiltzen dira. Edonola ere, gero eta ugariagoak dira gaiak berezkoak dituen terminoak, eta ohikoa bilakatzen ari da erreferentziako datu-base zein hiztegi terminologikoetan gaiari buruzko diskurtsoan lantzen diren kontzeptuak eta terminoak jasota ez egotea.

Hiztegi hau lehen urrats bat da klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren inguruan lan egiten duten profesionalek euskaraz zehaztasunez eta zalantza terminologikorik gabe lan egin ahal izan dezaten, baita gizartean hain premiazkoa den gaiari buruzko elkarrizketa ahalik eta zehaztasun handienaz gerta dadin ere.

Hiztegiaren helburua
Hiztegi honen helburua da klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren arloan diharduten eragile eta erakundeek esparru horretako beren jardunean beharrezkoa duten euskarazko oinarrizko lexiko espezializatua biltzea, bateratzea eta terminologia hori adostu eta finkatuko duen baliabidea eratzea.

Hiztegiak esparru honetako oinarrizko terminologia biltzen du 228 fitxa terminologikotan. Fitxa terminologiko bakoitzean, kasuan kasuko kontzeptuarentzat proposatutako euskarazko ordainak eta gaztelaniazko, frantseseko eta ingeleseko ordainak jasota daude. Horrek aukera ematen dio erabiltzaileari erdaretatik abiatuta bilaketak egiteko ere. Bestalde, hiztegiko fitxa terminologiko guztiek dute kontzeptua zehazten duen definizio bana.

Gaikako sailkapena
Fitxa terminologiko guztiak klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren esparruko gai hauen arabera sailkatuta daude hiztegian:

  • Klima eta klima-aldaketa
  • Klima-ekintza
  • Arintzea
  • Egokitzea
  • Bidezko trantsizioa
  • Erreferentziazko akordioak, testuak eta erakundeak


Erabilitako irizpideak
Hiztegia lantzean UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren kalitate-estandarrak eta hizkuntza-agintaritzen arau eta gomendioak bete dira.

Gure desioa da lan-baliabide honek erraztea klima-aldaketaren eta trantsizio ekologikoaren esparruan euskara erabiliz gure hizkuntzaren transmisioa zehaztasunez eta zuzentasunez bideratzea.

Albiste erlazionatuak

Mugaz gaindiko komunikazio eleanitzari buruzko uda-ikastaroa

2025/04/11

Komunikazio eleanitzari buruzko mugaz gaindiko udako ikastaroa izango da 2025eko uztailaren 2an Baionako Arteen Hirian.

Hizkuntza teknologien inpaktu handiko erabilera-kasuen azterketa aurkeztu du LANGUNEk

2025/04/08

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak, EMUN kooperatibarekin eta Langunerekin lankidetzan hizkuntza teknologietan inpaktu handiko erabilera-kasuak identifikatzea helburu izan duen azterketa burutu du.