KSI TEK programak hartu dio txanda KSI berritzaile programari: kultura eta sormen industrien digitalizazioa bultzatzeko diru-laguntzak izango dira

2021/04/07

Martxoaren 1etik apirilaren 30era bitartean eskabideak aurkezteko epea zabalik dago Sektorearen lehiakortasuna hobetzea eta produktu zein zerbitzu-berritzaileak garatzeko espazio berriak sortzea da helburua

Card image cap

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta Tecnaliak elkarlanean KSITek izeneko programa jarri dute martxan. Kultura eta sormen industrien (KSI) arlora bideratutako ekimen honen helburua KSIen eta teknologia sektorearen arteko lankidetza sustatzea da, beti ere merkatu globalenetarako sortutako produktu eta zerbitzu berritzaileak eratzeko eta sinergiak eta aukera eta garapeneko espazio berriak sortzeko. Guztira 300.000 euroko aurrekontua izango du KSITek programak.

Ekimen honek KSI sektorearen eraldaketa digitala erraztuko duten proiektuak identifikatu nahi ditu izan ere teknologiak balio erantsia emango die enpresak eskaintzen duten egungo produktuen eta zerbitzuen diseinuan, ekoizpenean, sorkuntzan, banaketan, erakusketan, kontsumoan eta elkarreraginean. KSITek programaren bitartez laguntza jasoko duten enpresen lehiakortasuna hobetuko da eta negozio-eredu berriak sortzen lagunduko die. Teknologia hauetan oinarritutako irtenbideak garatu beharko dituzte parte hartzen duten enpresek:

  • Multimedia edukien prozesamendua (edukiak lortu, indexatu eta berreskuratu, streaming eta broadcast plataformak, jabetza intelektuala eta eskubide digitalen kudeaketa).
  • Ordenagailuzko grafikoak (animazioa, rendering, Errealitate Birtuala eta Handitua, joko serio eta interaktiboak, BIM).
  • Konputazio mugikorra eta nonahikoa (Gauzen Internet-a, wearableak, testuinguruan oinarritutako konputazioa, hodeiko konputazioa, dronak, jantzi adimendunak).
  • Konputagailu bidezko ikusmena (irudien prozesamendua, pertsonen jarraipena, mugimendua atzematea, 3D-ko berreraiketak).
  • Datu-analisiak (Big Data, datu-meatzaritza, analitika deskriptibo, prediktibo eta preskriptiboak, Open Data, ikusmenezko analitikak).
  • Hizkuntza-teknologiak (hizketa naturalaren prozesamendua, mintzamenaren prozesamendua, elkarrizketa sistemak, itzulpen automatikoa, sentimendu-analisia).

Interesa dutenek martxoaren 1ean hasi eta bi hilabetez, apirilaren 30era bitartean, izango dute proiektuak aurkezteko epea www.euskadi.eus atarian. Ondoren Balorazio Batzorde batek lehiaren bidez ebaluatuko ditu aurkeztu diren proiektuak eta onartutako ekimenek 5.000 eta 10.000 euro arteko diru laguntza jasoko dute.

Albiste erlazionatuak

Langunek aurrera begirako lan-lerroak aurkeztu ditu Gaia-ko Batzak Orokorrean

2023/06/12

Pasa den ekainaren 1ean GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak 40. urteurrena ospatu zuen eta egun berean, urteko Batzar Orokorra egin zuen. Bertan bildu ziren enpresa bazkideetako ordezkariak eta GAIAk gaur egun bere barnean biltzen dituen bestelako elkarteetako partaideak, horien artean LANGUNE.

bai&by, LANGUNEko bazkide berria

2023/05/09

Euskara eta ingelesa ikasteko merkatuan dagoen sistema adimendun bakarra.

EMUNen ikerketa: 'Euskara planak lehiakortasunerako palanka ote dira?'

2023/05/08

LANGUNEko bazkide den EMUNek iaz abiatu zuen ikerketaren helburua euskara planak enpresaren lehiakortasunean dauzkan onurak areagotzeko aukerak esperimentatzea da.