Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen
LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.
Pasa den urtarrilean, LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen. Bi egunetako kongresuak 500 pertsona eta 50 hizlari baino gehiago bildu zituen lan munduan hizkuntza-kudeaketak duen garrantzia eta eremu sozioekonomikoan egun garatzen diren praktika onak zabaltzeko helburuarekin.
LANGUNEko bazkide diren TISA eta Iametza funtsezko zereginak ere egin zituzten Languages Lanean Kongresuan: TISA interpreteen eta laguntzaileen kudeaketaz arduratu zen eta, Iametzak, kongresuaren komunikazio lanak burutu zituen, webgunearen lanetatik, kongresuaren sustapenera.
Urtarrilaren 18an, Euskalduna Bilbao Jauregian, nazioarteko zein tokiko erakundeetako esperientziak ezagutzeko aukera egon zen. Arratsaldean, gai eta sektore desberdinen arabera antolatutako 8 mahai-inguruetan partekatu ziren gogoetak entzuteko aukera egon zen. LANGUNEko hainbat bazkidek Hizkuntza Industrien Elkartea Euskal Herrian ordezkatu zuten mahai-inguruetan parte-hartuz: Orai NLP, HiTZ eta Vicomtech-eko hiru ordezkarik ‘Hizkuntza teknologiak’ mahai-inguruan parte-hartu zuten; eta Emuneko beste ordezkari batek ‘Hizkuntza kudeaketarako baliabideak’ mahai-inguruan parte-hartu zuen.
Lohitzune Txarolak, LANGUNEko zuzendariak, Euskarak erronka teknologikoen aurrean dituen gaitasunei buruz hausnartu zuen Kongresuan proiektatutako ondorengo bideoan: https://www.irekia.euskadi.eus/eu/web_tv/20830-euskara-erronka-teknologikoen-aurrean