Langunek aurrera begirako lan-lerroak aurkeztu ditu Gaia-ko Batzak Orokorrean

2023/06/12

Pasa den ekainaren 1ean GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak 40. urteurrena ospatu zuen eta egun berean, urteko Batzar Orokorra egin zuen.

Card image cap

Pasa den ekainaren 1ean GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak 40. urteurrena ospatu zuen eta egun berean, urteko Batzar Orokorra egin zuen. Bertan bildu ziren enpresa bazkideetako ordezkariak eta GAIAk gaur egun bere barnean biltzen dituen bestelako elkarteetako partaideak, horien artean LANGUNE.

Eli Pombo LANGUNEko lehendakariak Batzar Orokorrera bertaratu zirenen aurrean, elkartea aurkeztu zuen eta sektore garrantzitsua ordezkatzen duela azpimarratu zuen, “EAEn urtean 211 milioi euroko fakturazioa eta 4.600 lanpostu barne biltzen ditu”, gaineratu zuen.

GAIArekin bat egitea LANGUNEren apustu estrategikoa izan dela azaldu zuen eta horren bidez, sektore ekonomiko desberdinetan hizkuntzen industria zehar-lerro bilakatzeko helburua duela, aliantzak eta sinergiak sortzea bilatuz.

Gaur egungo jardun eta aurrera begirako lan-lerroei dagokionez, honakoak aipatu zituen:

  • Hizkuntzaren Ekonomia Berriaren PERTEan aktiboki parte-hartzen ari da LANGUNE.
  • Espainia mailan hizkuntzen industria ordezkatuko duen elkarte berri bat sortzeko elkarrizketetan ere parte hartzen ari da.
  • Udaberrian ASKHEZI egitasmoaren lehen emaitzak argitaratuko dira. Egitasmo honen bidez euskarazko ahots bidezko diktatze-sistema sortzen ari dira, nolabaiteko ezintasunak dituzten haurrei zuzenduta.
  • LANGUNE Europara begira dago baita ere. Europar Batasuna kezkatua dago ingelesaren nagusitasunarekin eta hizkuntza gutxituen digitalizazioa bultzatu nahi du. Testuinguru horretan LANGUNEk uste du paper aktiboa jokatu dezakeela. “Elebitasuna historikoki kudeatu behar izan duen lurraldea gara; ohituta gaude gutxienez bi hizkuntza kudeatzera udaletan, Legebiltzarrean..., eta horrek balioa ematen digu; gure marka estrapolatu dezakegu, gure esperientzia kanpora eramanez”.

Horrez gain, 

Eli Pombok gero eta globalizatuagoa dagoen mundu batean enpresetan hizkuntzen kudeaketa egoki bat egiteak duen garrantzia azpimarratu zuen, horrek enpresen lehiakortasunean zuzenean eragiten baitu: “Makinekin komunikatzeari buruz ari gara, hizkuntza teknologiak aplikatuz; baita barne zein kanpo mailan pertsonekin, hizkuntza harreman egokiak izateari buruz; konfiantza sortzeko elkar ulertzeari buruz ari gara, gehiago eta hobeto saltzeko”, esan zuen.

Negozio aukera hobeak sortzeko prozesu horretan hizkuntza guztiak kontuan hartzeak berebiziko garrantzia duela ulertarazteko, Eli Pombok Nelson Mandelaren esaldi bat aipatu zuen “Pertsona bati ulertzen duen hizkuntza batean hitz egiten badiozu, bere burura iritsiko zara, baina bere hizkuntzan hitz egiten badiozu, bihotzera iritsiko zara”.

Enpresek esaldi horrek esan nahi duena ulertzea garrantzitsua dela esan zuen LANGUNEko lehendakariak. “Izan ere, bai familian zein negozioetan kontua da sentimenduak eta emozioak kudeatzea, aurrean dugunarekin feeling-a sortzea eta hizkuntzak hurbiltasun hori lortzeko tresna dira; konfiantza sortzeko, lankidetzan aritzeko, proiektuak sortzeko eta gehiago eta hobeto saltzeko”. Hizkuntza-teknologiek horretan lagundu ahal digutela esanez amaitu zuen Eli Pombok bere hitzaldia.

Albiste erlazionatuak

LANGUNEk 2025-2028ko plan estrategikoa landu du

2024/12/17

OPE Consultores aholkularitza enpresaren laguntzarekin, zuzendaritzako kideek lau saio egingo dituzte.

‘Hizkuntzen Irabazia’ kongresuak 200 lagun eta 17 hizkuntza gutxitu bildu ditu Donostian bi egunez

2024/11/27

Kongresuak agerian utzi du hizkuntzak aberastasuna direla. Ez soilik aberastasun kultural eta emozionala, baita ekonomikoa ere.

Lankidetza eta digitalizazioa hizkuntza hegemonikoei aurre egiteko

2024/11/27

‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresuak 200 lagun inguru bildu ditu bere lehenengo egunean.