LANGUNEko bazkideek Adimen Artifizialaren inguruko Euskarabildua jardunaldian parte hartuko dute
Jardunaldia urriaren 27an egingo da Donostiako San Telmo Museoan.
“Adimen artifiziala herriaren zerbitzura. Nola eraiki ekosistema burujabe eta saretua?” lelopean egingo da aurtengo Euskarabildua jardunaldia, urriaren 27an, Donostiako San Telmo Museoan. LANGUNEko bazkide den Iametzak antolatzen du Euskarabildua Ametzagaiña taldea eta Argiarekin batera.
Jardunaldiaren helburua izango da, besteak beste, azpiegiturak, eredu irekiak, datuak eta aplikazioak aztertzea, eta Euskal Herrian adimen artifizial burujabe baterako dauden esperientziak ezagutzea. Horretarako, ikerketa-zentroak, unibertsitateak, enpresak eta erabiltzaileak elkartuko dira, balio-kate osoaren arteko harremanak eta lankidetza sustatzeko.
Euskarak eta hizkuntza-teknologiek, noski, presentzia izango dute jardunaldian. Izan ere, LANGUNEko bi bazkidek hartuko dute parte: EHUko HiTZ Zentroa eta Elhuyar. Hauek, hizkuntza-teknologien eta Adimen Artifizialaren arloan garatzen ari diren esperientziak eta ezagutzak partekatuko dituzte.
Nola eraiki ekosistema burujabe eta saretua?
Jardunaldiak, azken batean, galdera bati erantzun nahi dio: nola eraiki dezakegu Euskal Herritik teknologiarekin eta datuekin dugun harremana modu burujabeagoan? Ikuspegi horretatik, teknologia burujabetza ez da soilik azpiegiturak izatea, baizik eta ekosistema osoa —ikerketa, enpresak, erakundeak eta erabiltzaileak— elkarlanean aritzeko gai izatea.
Xedea da adimen artifizialaren ahalik eta erabilera etikoena egitea, plataforma handiekiko menpekotasuna ahalik eta gehien murriztea eta gure teknologiaren eta datuen gaineko kontrola izatea. Horrela soilik emango diogu teknologiari euskaratik eta Euskal Herritik definitutako mundu ikuskera. Izan ere, burujabetza ez da soilik "makinak erostea", baizik eta azpiegitura horien gainean herri gisa saretzea.