LANGUNEren V. Asanblada Orokorra. Euskadiko hizkuntza-industriek 278M fakturatu zituzten 2013an

2014/03/19

Zenbaki horrek esan nahi du % 0,5 hazkundea egon dela aurreko ekitaldiaren aldean. Sektoreak 5.058 lanpostu biltzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoan, eta langile-kopurua % 1,26 areagotu da joaneko ekitaldiaren aldean

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) hizkuntza-industrien sektoreak 277.692.571 euro fakturatu zituen iaz, aurreko ekitaldian baino % 0,5 gehiago. Sektoreak 5.058 langile ditu, hau da, Euskadin lanean dauden biztanleen % 0,63, eta horrek esan nahi du langile-kopurua % 1,26 areagotu dela 2013aren aldean. 

2014rako aurreikuspenak dira enplegua mantentzea eta fakturazioa % 0,87 handitzea. Sektoreak Gipuzkoan eta Bizkaian dauka pisu gehiena, bi probintzia horietan kokatzen baitira EAE guztiko establezimenduen % 83. Datu horiek guztiak gaur aurkeztu dira LANGUNEren urteko Asanblada Orokorrean, Donostiako Zientzia eta Teknologia Parkean.

Horrez gain, LANGUNEren Asanblada Orokorrean 2014-2017 Plan Estrategikoa aurkeztu da, eta erronka nagusitzat dauka hizkuntza-industriak Euskadiko sektore estrategiko bihurtzea. Helburua da hiru erronka handiri erantzuna ematea industria-sektore honen barnean: enpresetan eleaniztasunaren kudeaketa sustatzea, hizkuntza-teknologiak bultzatzea espezializazio adimenduna lortzeko eta Euskadi beste hizkuntza gutxitu batzuentzako eredu gisa proiektatzea.

Fernando Alana LANGUNEko zuzendari nagusiak azaldu duen bezala, sektoreko enpresek eta Elkarteak berak aro berria hasi dute (2014-2017), eta “fase berri horretan, enpresen eta sektoreen arteko lankidetza giltzarria izango da sektorea sendotzeko eta berrikuntza teknologikoari eta enpresarialari, posizionamendu globalari eta horren dimentsioari eta ikusgarritasunari heltzeko”. Ildo horretatik, Plan Estrategikoak 27 proiektu garatuko ditu, eta horietatik, 19k sektoreko enpresen arteko elkarlana eta sektoreko enpresen eta inguruko beste eragile batzuen artekoa aurreikusten dute. Aipatutako epearen proiektuak garatzeko, 4,6 M€-ko aurrekontua kalkulatu da.

LANGUNEk ezarritako beste helburuetako bat da nazioartean erreferentziazko kluster bihurtzea, eta “gure inguruaren garapen ekonomikoan eta sozialean estrategikoa izatea”, hizkuntza-industrien erronkei erantzuna emanez.

Zentzu horretan, Plan Estrategikoak helburu kuantitatibo hauek ezarri ditu, besteak beste: esportatzen duten enpresa elkartuen kopurua eta esportazio horiek fakturazioan hartzen duten ehunekoa bikoiztea, enpresek I+G+b alorrean % 15 inbertitzea eta LANGUNEk sustatutako berrikuntza-ekimenak hirukoiztea. Era berean, Elkarteak sektoreko fakturazioaren eta enpleguaren % 40 bildu nahi du, lau urteko epe horretan.

Jardunaldira gonbidatu gisa bertaratu dira Jorge Gimenez, Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren Hizkuntza Ikerketa eta Koordinazio zuzendaria, eta Marian Gabilondo, Bic Berrilaneko Berrikuntza Unitatearen arduraduna eta Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailburuordetzak LANGUNEri esleitutako mintzaidea. Biek interesa izan dute hizkuntza-industrien sektoreak sustatu beharreko jarduerak zuzenean ezagutzeko.

Asanblada Orokorrean zehar Zuzendaritza Batzordea partzialki berritu da, parte-hartzaile berriak baitaude: Vicomtech-IK4 (IK4 aliantzaren izenean), Iametza Interaktiboa eta Elduaien hizkuntza-eskola. Elhuyar fundazioko Josu Waliñok lehendakari izaten jarraitzen du, eta MondragonLinguako Begoña Garciak, berriz, Elkartearen lehendakariorde. Josu Waliño LANGUNEko lehendakariak enpresa elkartuei, sektoreko erakundeei eta inguruko eragileei hausnarketa-prozesuan parte hartu izana eskertu die.

Jardunaldia amaitzeko, Antoni Mir Clusterlingua Hizkuntza Industrien Kluster Katalanaren zuzendariak eta Iris Cordoba Madrid Plataforma del Español sarearen zuzendariak hitzaldia eman dute. Hizlariek dagokien sektoreetako egoera azaldu dute, eta LANGUNEko enpresekin elkarlanean aritzeko ekimenak proposatu. 

http://flic.kr/s/aHsjUWMfap

Albiste erlazionatuak

Gipuzkoako barne-produktu gordinaren % 5,34 dago euskararekin lotuta, eta EAEko % 4,59

2020/03/16

Sektore produktibo gisa euskarak termino ekonomikoetan duen balioa kuantifikatu du Langunek, lurraldeko ekonomian zer pisu duen jakiteko. Gipuzkoan euskarak duen eragin ekonomikoa eta hizkuntzen industriak EAEn duen egoera aztertu dituen txostenaren emaitzak ezagutzera eman dituzte Foru Aldundiko Etorkizuna Eraikiz gunean, lurraldeko Euskararen Foroak legealdi honetan egindako lehen bilkura probestuz. 2020/02/13 da benetako argitaratzen data

Mintegia (abenduak 10): Hizkuntza teknologien aplikazioa RIS3an

2019/12/02

Tokia: Innobasque (Bizkaiko Parke Teknologikoa, Laida Bidea 203. Eguna: Abenduak 10 (goiza). Antolatzailea: Langune.

Hizkuntza Naturalaren Espainiako Elkartearen Nazioarteko XXXV. Biltzarra

2019/07/15

Irailaren 24tik 27ra bitartean, Hizkuntza Naturalaren Espainiako Elkartearen Nazioarteko XXXV. Biltzarra egingo da. Euskal Herriko Unibertsitateko Aholab eta Ixa ikerketa-taldeek antolatuta, Bilboko Bizkaia Aretoan izango da.