Lankidetza eta digitalizazioa hizkuntza hegemonikoei aurre egiteko

2024/11/27

‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresuak 200 lagun inguru bildu ditu bere lehenengo egunean.

Card image cap

‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresuak 200 lagun inguru bildu ditu bere lehenengo egunean Donostiako Kursaalean hizkuntza gutxituek tokiko ekonomiari egiten dioten ekarpenari buruz hitz egiteko. Imanol Pradales lehendakariaren hitzetan, “Euskal Herrian badugu esperientzia eleaniztasuna kudeatzen eta LANGUNEK erakutsi digun moduan, hizkuntza industria sektore oso bat daukagu: ikerketa eta teknologia garapena, hizkuntza formakuntza, itzulpengintza... Hizkuntzen industria horrek 211,3 milioi euro inguru fakturatu eta 4.600 enplegu inguru sortzen ditu. Euskara bizirik mantendu nahi izateak eman digu neurri handi batean azpiegitura hori guztia, beraz, euskarak ekonomian ere eragiten du”.

Eider Mendoza diputatu nagusiak “euskara bezalako hizkuntzek izan behar duten papera eta errekonozimenduari buruzko eztabaida” europar erakundeetan “bizi-bizirik” dagoen momentu honetan, “Europan bizirik dauden eta bizirik nahi ditugun hizkuntzen aldeko mezu sendoa irudikatzen eta bidaltzen du ‘Hizkuntzen Irabazia’ kongresuak”. Eta erronka horretara begira, Gipuzkoako Foru Aldundiaren “elkarlanerako eta berrikuntzarako” konpromisoa berretsi du.

Eneko Goiak, Donostiako alkateak, baikortasun mezua bidali nahi izan du Interneten garapenak eta adimen artifizialak euskarari ekar diezazkioketen erronken aurrean: “Duela bost mende, euskaldunak itsasoak nabigatzen zituzten eta orain gure hizkuntzak sarea nabigatzen du. Duela 500 urte bezala, asma dezagun gure hizkuntza zabaltzen, erakargarri egiten eta bizi mantentzen”.

30 hizlari eta 17 hizkuntza gutxitu

Goizeko hitzaldiek, okzitanoa, irlandera, arrumanoa, erromantxera eta ladin bezalako hizkuntzen egoera eta errealitatea ezagutzeko aukera eman dute, baita adimen artifizialak hizkuntza gutxitu hauei etorkizunari begira eskaintzen dizkien erronkak eta aukerak ere. Kafea ondoren, Espainiar estatuak eta erkidegoek hizkuntza teknologiak garatzeko martxan jarri dituzten dirulaguntza planak eta inbertsio programak aipatu dira eta horiekin sortutako hainbat lankidetza-proiektu: ELIA Espainia mailan; Nós Galizian; AINA, Kataluniako Generalitatean; eta Gaitu Euskal Autonomia Erkidegoan, besteak beste.

Arratsaldean, hizkuntza gutxituen aldarrikapenak eta hasnarketak arlo digitalera mugitu dira, non askotan ingelesa izaten da hizkuntza aukera bakarra eta hizkuntza askoren grafia espezifizidadeak ez diren onartzen. Baina teknologia eta digitalizazioa aukera ere dira hizkuntza gutxituen zabalkunderako. Hala erakutsi dute hizlariek, eduki digitalak edozein hizkuntzatako hiztunei hurbiltzeko garatu dituzten tresna digitalak aurkeztean: itzulpen-automatikoko tresnak, gailuen erabilera hizkuntza propioan jartzeko softwareak, azpititulazio automatikoa, etab.

Bihar musika eta ikus-entzunezko eta entretenimendu-industriari buruzko hausnartzeko momentua izango da eta bertako zein nazioarteko proiektuak ezagutzeko aukera emango du. Kongresua streaming bidez jarraitu daiteke www.hizkuntzenirabazia.eus webgunearen bidez EITBren babesletzari esker.

‘Hizkuntzen Irabazia’, urtero Federal Union of European Nationalities FUENek antolatzen duen ‘Forum of the Minority Regions’ markoan kokatuta dago. 2016tik, foroa Hego Tirolean, Bruselan, Postdamen, Helsinkin eta Galwayn egin da gutxiengoen eskubideen defentsan eta sustapenean dauden desberdintasunak elkartrukatzeko eta eztabaidatzeko leku gisa.

Albiste erlazionatuak

‘Hizkuntzen irabazia’ kongresuak 200 lagun eta 17 hizkuntza gutxitu bildu ditu Donostian bi egunez

2024/11/27

Kongresuak agerian utzi du hizkuntzak aberastasuna direla. Ez soilik aberastasun kultural eta emozionala, baita ekonomikoa ere.

LANGUNE INDEUSen Lankidetza Sareko kide egin da

2024/11/22

LANGUNEk bat egiten du sareko helburuekin hizkuntzen kudeaketaren sustatzaile den aldetik.

‘Hizkuntzen Irabazia’ foroak 16 hizkuntza gutxitu bilduko ditu Donostian

2024/11/11

Azaroaren 26 eta 27an Donostiako Kursaal Kongresu Jauregian egingo den ‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresua aurkeztu dute.