Aurkezpena
LANGUNE Hizkuntzen Industriaren alorreko Euskal Herriko enpresen elkartea da.
2008ko otsailean Gipuzkoa Berritzen-Innobasque plataformaren barruan martxan jarri zen lan talde batek ia bi urtez egindako lanaren ondorio gisa sortu zen 2010eko urtarrilean, eta itzulpengintza, edukiak, irakaskuntza eta hizkuntzen teknologiaren alorreko Euskal Herriko 35 enpresatik gora elkartzen ditu.
Languneren helburua Euskal Herriko Hizkuntzen Industria sustatzea, sendotzea eta kohesionatzea da, sektorearen eta kide elkartuen lehiakortasuna eta ikusgarritasuna hobetzeko helburu nagusiarekin.
Hizkuntzen industria definitzeko, bi aldagai hartu dira kontuan:
- Hizkuntzaren kudeaketa jardueraren beraren objektua izatea, edo
- Merkatuko aukerak ematen dituen hizkuntzen kudeaketan jardutea
Globalizazioak dakarren mugikortasunaren eta eleaniztasunaren ondorioz, sektore ekonomiko garrantzitsua ari da pizten: Hizkuntzen industria. Euskal Autonomia Erkidegoan, sektore honek badu ezarpen tradizionala, eta dinamizazio-prozesu baten bidez sektore ekonomiko industrial hori antolatzea eta aktibatzea dugu helburu, hurrengoa lortu ahal izateko:
- Azaleratzen ari den sektore honetan masa kritikoa eta bideragarritasuna lortzeko
- Sektoreko eragile bultzatzaileak dinamizatzeko eta elkarlana sustatzeko
- Beste eragile batzuk erakartzeko, orain arte proiektuan parte hartu ez badute ere, interesa izan dezaketelako eta garrantzitsuak izan daitezkeelako
- Ahaleginak ez biderkatzeko eta sinergiak lortzeko, Europan hizkuntzen industrian erreferentzia izango den sektore bat garatzeko
- Sektoreak identifikatutako erronkak eta proiektuak gidatzeko eta gauzatzeko
- Sektorearen, beste sektore batzuen eta Administrazioaren arteko koordinazio lanak egiteko