‘Hizkuntzen irabazia’ kongresuak 200 lagun eta 17 hizkuntza gutxitu bildu ditu Donostian bi egunez
Kongresuak agerian utzi du hizkuntzak aberastasuna direla. Ez soilik aberastasun kultural eta emozionala, baita ekonomikoa ere.
‘Hizkuntzen Irabazia’ kongresuaren lehen egunean digitalizazioak eta hizkuntzen arteko lankidetzak hizkuntza hegemonikoei aurre egiteko duten garrantzia aztertu bazen ere, gaur kongresuaren ardatz nagusia ikus-entzunezko sorkuntzak eta entretenimenduaren industria izan dira.
Batzarra Itziar Agirre Gipuzkoako Foru Aldundiko Ogasun eta Finantza diputatuak ireki du Aldundiak 2024 urte honetan Gipuzkoan ekoizten den ikus-entzunezko produkzioei zuzendutako pizgarri ekonomikoak aurkeztuz. Itziar Agirreren hitzetan “kultura Euskadiren lehiakortasunerako elementu garrantzitsua da. Sektorearen araugintza hobetzearen aldeko apustua egin dugu aurten bi helburu nagusiengatik: balio-kate osoa sendotu eta indartzeko; eta sortzaileen finantza-egonkortasuna lortzen laguntzeko”.
Ondoren, bi egunez aurkezle lanetan ibili den Ekhi Atorrak, Olatz Salvador kantautorea eta musikariarekin solasetan egon da euskarazko musikaren industriaren inguruan: “Euskarak guk pentsa baino muga gutxiago ditu. Badago interesa euskararekiko mundu mailan, jendeak jakin-min handia du eta balioa ematen dio euskarari”, esan du Olatzek.
Kongresuak aurrera egin du hizkuntza gutxituen entretenimendu ets ikus-entzunezko industriaren gaiarekin. Hizkuntza gutxituak benetan bizirik egon daitezen, alor guztietan garatu beharra dute, baita haur, nerabe zein helduen entretenimenduan ere. Hizlariek digitalizazioaren garrantziari buruz hausnartu dute eta hizkuntza gutxituengan interesa pizteko proiektu desberdinak aurkeztu dituzte: euskarazko ‘Egunean Behin’ galdera-erantzun jokoa eta bere homonimoa Galesen ‘Cwis Bob Dydd’; ‘Krabat’, abenturazko sorabieraz garatutako bideo-jokoa; eta SpeakGaelic, gaelikoa online ikasteko proiektu digitala, beste batzuen artean.
Mikel Jauregik, Eusko Jaurlaritzako Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasuneko sailburuak, ‘Hizkuntzen Irabazia’ kongresua itxi du euskara lehiakorrak egiten gaituen elementua dela esanez “bai lanean, bai prozesuetan, baita nazioartean ere, enpresei identitate berezia ematen dielako. Arlo teknologikoan ere, Euskadi Europako abangoardia izan nahi du eta hizkuntza teknologiak ere badira hori izateko bide bat. Gure industriak egindako lana balioan jarri nahi dut, eta etorkizunera begira teknologiak ezinbesteko aukera emango digulako euskara sendotzeko”.
Donostiak jasotako ‘Hizkuntzen Irabazia’ kongresua urtero Federal Union of European Nationalities FUENek antolatzen duen ‘Forum of the Minority Regions’ markoan kokatuta dago. Aurten LANGUNE Euskal Herriko Hizkuntza Industriaren Elkartearekin batera antolatu dute. “Egun hauetan garbi geratu da hizkuntzak aberastasuna direla. Ez soilik aberastasun kultural eta emozionala, baita ekonomikoa ere. Hizkuntza gutxituen biziraupenak gogoa, kemena edo militantziaz gain, aktibitate ekonomikoa eragiten duelako. Zorionez Euskal Herrian LANGUNEk ordezkatzen duen industria eta sektore oso bat dugu, profesionala eta horretara bideratuta”, esan du Lohitzune Txarolak, LANGUNEren zuzendariak.