Abian da Prozedura Zibilaren Legea itzuli eta eguneratzeko lana @UZEI_
Auziak osorik euskaraz izapidetzeko proiektua. Legeen eguneratze-lan horretan UZEI ari da lanean Justizia Sailarekin sinatuta daukan hitzarmenaren bidez
Eusko Jaurlaritzako Justizia Administrazioko Hizkuntza Normalizazioko lantaldeak (epaiBi izenekoak) "Auzia Euskara" proiektua sustatu du. Ekimen horren helburua da herritarrek hala eskatzen dutenean auziak osorik euskaraz izapidetzea, demanda aurkeztetik bulego judizialetako barne-tramitazioa egin eta epaia eman arte.
Proiektu horren baitan, abokatuen laguntzari esker, lege nagusi batzuk aukeratu eta horiek eguneratzeko lanak abiatu dira. Legeen eguneratze-lan horretan UZEI ari da lanean Justizia Sailarekin sinatuta daukan hitzarmenaren bidez.
Prozedura Zibilaren Legearen itzulpena eguneratzea
Hasteko, Prozedura Zibilaren Legearen (PZL) itzulpena eguneratzeko lanei ekin zaie. Lege horren testu osoaren azken itzulpena 2004an argitaratu zen, eta, harrezkero, jatorrizko testuak aldaketa ugari izan ditu. Hori dela-eta, euskarazko bertsioa eguneratu beharra antzeman da, eta lan batzuk dagoeneko egin dira.
PZLaren 2004ko gaztelaniazko bertsioa (Deustuko Unibertsitateak eta Justizia Sailak itzulitakoa) eta gaur egun indarrean dagoen gaztelaniazko bertsioa konparatu dira, eta 2004ko bertsiotik gaur egungo bertsiora egon diren aldaketa guztiak bildu dira.
I+G+b terminologiaren zerbitzura
Terminologiari dagokionez, hainbat lan egin dira, PZLaren 2004ko itzulpena oinarri hartuta:
- Testuko terminologia hustu Lex2 izeneko aplikazioaren bidez, eta emandako emaitza txukundu. Corpus paraleloetatik abiatuz euskara eta gaztelaniazko ordainen termino-pareak automatikoki detektatzen eta erauzten dituen tresna da Lex2, UZEIk garatua; hots, lexiko elebidunak eratzen ditu. Corpus paraleloen adibide garbi bat da itzulpen-memoriena. Horregatik, Lex2 oso praktikoa da, adibidez, itzulpen-memorietan erabiltzen den terminologia erauzi eta termino jakin baten ordainetan dauden desadostasun eta inkoherentziak detektatu eta zuzentzeko.
- Testuan erabilitako terminologia eta Eusko Jaurlaritzako Justizia Sailaren ekimenez sortutako Euskarazko Dokumentu Judizialak Normalizatzeko Euskara Batzordeak adostutako terminologia alderatu, eta bi horien artean dauden desadostasunak aurkitu (Batzordearen hurrengo bileran aztertuko dira). Batzorde horretako kideak honako hauek dira: UPV/EHUko Zuzenbide Fakultateko irakasle bat, Deustuko Unibertsitateko Zuzenbide Fakultateko irakasle bat, IVAPeko terminologo eta itzultzaile bana, epaile bat, abokatu bat, Justiziako Hizkuntza Normalizazioko bi teknikari eta epaitegietako itzultzaile-interprete bat, BFAko terminologo bat eta UZEI.
- Testuari IDITE lexiko-egiaztatzailea aplikatu. Euskarazko lexikoaren erabilera zuzena egiaztatzeko UZEIk garatu duen aplikazioa da IDITE. Testu-masa handiak analizatzen ditu eta forma hobetsia proposatzen ditu. Analisi ortografikoa egiteaz gain, euskara estandarrean erabil edo hobe markak ezarrita dituzten hitzen agerpenak detektatu eta Euskaltzaindiak eta Terminologia Batzordeak hobetsitako formak proposatzen du. Lexiko orokorraz gain, terminologia ere kontuan hartzen du, testu espezializatuak egiaztatzeko gauza baita. IDITEk emandako txostena aztertu da, eta Prozedura Zibilaren Legean oro har egin beharreko aldaketak bildu dira.
Hurrengo pausoak itzulpenari begira emango dira. Euskara Batzordean hartutako erabakiak oinarri hartuta, pixkanaka-pixkanaka Prozedura Zibilaren Legearen itzulpena eguneratuko da, abokatu zein prokuradoreentzat oinarrizkoa eta ezinbestekoa den lan-tresna.