Alberto Gorroñogoitia: “Mondragon Lingua eta Alecop enpresen arteko fusioa elkarlanaren adibide bikaina da”
Urte eta erdiko prozesuaren ondoren, joan den maiatzaren 31ean, Mondragon Lingua eta Alecopeko Batzar Nagusiek gehiengo zabalarekin onartu zuten bi kooperatibek bat egitea.
Mondragon Lingua, Languneko bazkidea, eta Alecop enpresetako Kontseilu Errektoreen, Zuzendaritza Nagusien eta Lehendakaritzen arteko erabateko sintoniari esker, bi kooperatibek bat egiteko prozesua amaitu da urte eta erdi eskasean. Bat-egite horren helburua kooperatiba berriaren lehiakortasuna handitzea da enpresei ematen zaizkien formakuntzetan. Horrez gain, prestakuntzaren esparruarekin zerikusirik ez duten negozioak indarttu nahi dituzte. Dimentsio berria duen proiektu bat sortu da, baliabide gehiagorekin eta finantza-ahalmen handiagoarekin, eta etorkizuneko erronka eta negozio berriak onartzeko helburuarekin.
Bi kooperatiben artean dauden sinergiek eta etorkizuneko ikuspegi partekatuak, lehiakortasun handiagoa eta, azken finean, hazteko aukera handiagoak emango dizkiote kooperatiba berriari. Bi kooperatibek, MONDRAGONeko Ingeniaritza eta Zerbitzuen Dibisioan sustraitutak, etorkizun berri bati aurre egingo diote hazten jarraitzeko helburuarekin. Eta ilusioz egiten dute, maiatzaren 31ko batzarretan gehiengo zabalarekin berretsita.
Alberto Gorroñogoitia MONDRAGON Korporazioko lehendakariorde eta MONDRAGONeko Ingeniaritza eta Zerbitzuen Dibisioko zuzendari nagusiaren ustez, kooperatiba berriak, Mondragon Lingua-Alecop S. Coop izenarekin jaio denak, “zume eta ezagutza kontrastatuak ditu bezeroei beren enpresetako langileak prestatzeko teknologia eta metodologia erabiliz.
2021ean irekitako prozesua
Proiektuaren jatorria 2020an MISEn landu zen hausnarketa estrategikoaren barruan kokatzen da. Hausnarketa horren bidez, Dibisioaren 2021-2024ko lan-ildoak finkatu nahi ziren. Hausnarketa horren ondorioz, hiru erronka zehaztu ziren, eta horietako bat kooperatibak negozio-zorro lehiakorragoa finkatzen laguntzea zen.
Erronka MONDRAGONen politika sozioenpresarialaren bi estrategiarekin lerrokatzen zen: Etorkizuna duten negozioak eta Interkooperazioa. Besteak beste, 9 aldaketa-proiekturen definizioa ekarri zuen, horien artean proiektu hau. Oso modu sintetikoan, “proiektu bateratu baten eraikuntza sakon aztertu nahi zen, enpresen trebakuntzaren eta prestakuntzaren esparruan balio handiko eta anbizio handiko proposamen bat eskaintzeko”.
Hori izan zen duela urte eta erdi onartu zuten agindua merkatuaren eta etorkizuneko beharren ikuspegitik proiektu bideragarri bat sortzeko, bi erakundeen interes bateratuetan fokua jarrita. Heldu beharreko gaiak datozen hilabeteetan argituko dira. Oraingoz, bi markak elkarrekin biziko dira.
Alberto Gorroñogoitiaren ustez, fusioaren unea ere garrantzitsua da: «Horrelako proiektuei ekiteko, merkatuaren logikaz eta proiektuaren enpresa-zentzuaz gain, garrantzitsua izaten da une egokia aukeratzea eta uste dugu asmatu dugula». Bi kooperatibak errealitate desberdinetatik abiatzen dira, baina finantzarioki onbideratutako errealitateak dira biak, eta horri esker, proiektua aukera gisa ikusi ahal izan dute, eta ez haietako baten edo bien osasun ekonomiko edo finantzario txarraren ondoriozko premia gisa”. Proiektuaren aldeko apustua egin da, bi erakundeei hazten lagunduko diela uste delako, bakoitza bere aldetik joanda baino gehiago eta hobeto. “Gehitu biderkatzeko”, gure leloak dioen bezala, Arrasaten interkooperazioaz ari garenean.
Merkatu berriak
Mondragon Lingua, hizkuntza-prestakuntzan espezializatua EAEn eta estatu mailan, eta itzulpen-zerbitzu aurreratuetan Europan eta AEBn; eta Alecop, Estatu espainiarrean eta Latinoamerikan lanbide-heziketarako soluzioen negozioan espezializatua, eta berrikiago Mexikon, 2014tik, Mondragon Hezkuntza Internazionalaren bitartez, Mondragon Unibertsitatearen kudeaketarekin, Querétaron Mexico. Erakunde berria 200 pertsona inguruko kooperatiba izango da, 20 milioi euro baino gehiagoko fakturazioarekin.