@Elhuyar automatikoki sortutako hiztegiak biltzen dituen Hiztegi Automatikoak ataria aurkeztu du

2013/06/19

Hiztegi horien bidez, euskara aleman, hindi, arabiera, txinera eta swahiliarekin lotzen da

Elhuyarrek automatikoki sortutako bost hiztegi biltzen dituen atari bat sortu du, Hiztegi Automatikoak izenekoa, eta erabiltzaileen esku jarri du sarean CC-by-sa lizentziapean. Hiztegi horiek alemanarekin, hindiarekin, arabierarekin, txinerarekin eta swahiliarekin lotzen dute euskara, hizkuntza teknologiez baliatuta. Kasu guztietan, ingelesa erabili da zubi-lanak egiteko eta, ondorioz, bost hiztegi elebidun horiek sortzeko.Hizkuntzen aukeraketa ez da kasualitatea izan; kontuan hartu da, besteak beste, hizkuntza horiek biltzen duten hiztun kopurua handia izatea, kontinente desberdinetan hitz egiten diren hizkuntzak jasotzea, eta existitzen ez ziren euskarazko hiztegi elebidunak sortzea. Proiektu hau aurkeztu dute Josu Aztiria Elhuyar Hizkuntza eta Teknologia unitateko arduradunak eta Iker Manterola I+G unitateko ikertzaileak Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Elhuyarrek hizkuntza teknologietan egiten duen ikerketaren emaitza da Hiztegi Automatikoak ataria, eta gaur egun euskara aipatutako hizkuntzekin elkartzen baditu ere, “beste hizkuntza-bikote batzuk jasotzen dituzten hiztegi automatikoak ere sor daitezke”, adierazi du Josu Aztiriak. “Aurera begira, aurreikusia dugu euskara beste hizkuntza batzuekin elkartzea eta atari honetan eskuragarri jartzea erabiltzaileentzat”, gaineratu du.

Bestalde, hiztegiak automatikoki sortu direnez, ez dira erabat zuzenak. Hori dela eta, “Elhuyarrek erabiltzaileei aukera eskaintzen die atarian bertan zuzenketak proposatzeko”; esan du Iker Manterolak eta, hala, hiztegi-erabiltzaileen komunitate aktibo bat sortzeko.

http://www.elhuyar.org/EU/Prentsa-oharrak/Elhuyarrek-automatikoki-sortutako-hiztegiak-biltzen-dituen-Hiztegi-Automatikoak-ataria-aurkeztu-du-gaur-goizean

Albiste erlazionatuak

bai&by Fundazioak ingelesa modu inklusiboan irakasteko proiektu pilotu berria abiatu du

2026/02/13

Pilotuak 6 hilabete iraungo du eta adimen-desgaitasun maila ezberdina duten 50 ikaslek parte hartuko dute.

Aldundiak Hitz Zentroaren eta Euskorporaren esku jarriko ditu bere testu eta eduki corpusak

2026/02/02

Helburua da euskara adimen artifizialeko teknologietan integratzea.

Leiho Morea webgunea aurkeztu du Elhuyarrek

2026/01/13

Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen ditu, eta hiztegi terminologiko eleaniztuna ere badu.