Euskarabildua jardunaldiak datuen zaintza eta pandemiak eragindako egoeran teknologia burujabetzak egin ditzakeen ekarpenak izango ditu hizpide

2020/10/27

Urriaren 29an izango da Donostiako San Telmo Museotik eta online bidez jarraitu ahalko da azkenean. “Datuen izurria. Zer ari da gertatzen gure pribatutasunarekin pandemia garaian?” da aurtengo edizioaren izenburua. Bere momentuan modu presentzialean burutzeko intentzioa bazegoen ere egoerak eraman du aldaketara. Jardunaldia bere osotasunean eskaintzeko helburuarekin, izena eman dutenei egunean bertan banatuko zen karpeta eta jardunaldiaren material osagarria etxean jasotzeko aukera emango zaie eta material honetan egongo dira ikusgai laguntzaileak.

Card image cap

Teknologia digitalek menperatzen duten munduan, non itxuraz dena gardena den, askotan ez dugu gailuen atzean ezkutatzen den logika ikusten. Gu konturatu gabe egunero-egunero datuak sortzen ditugu eta datu horiek kasu gehienetan mundu mailako multinazional handien esku uzten ditugu. Hau horrela da erabilera eremu desberdinetan, bai maila pertsonalean, profesionalean, hezkuntzaren eremuan… Ez daukagu gure datuen gaineko kontrolik eta ez dakigu gure datuak dituzten horiek zer egingo duten datu horiekin, zertarako baliatuko duten Datuen sortzaileak gara, baina ez datu horien burujabeak.

Covid 19aren pandemiak eragin duen egungo egoerak teknologiaren eta pribatutasunaren arteko arazoa muturrera eraman du. Txina muturreko eredu gisa ageri zaigun arren, herrialde guztiek eduki dute proiekturen bat edo beste teknologiaren bitartez pandemia kontrolatzeko: Singapur, Vietnam, AEB, Italia, Alemania, Israel, Hego Korea, Espainiako eta Fantziako Estatuak… Eta asko izan dira neurriak aplikatzearen alde zein kontra agertu diren herritarrak eta erakundeak. Laborategi handi bat izan da pandemia, datuen kudeaketak berebiziko garrantzia izan duen laborategia.

Uste dugu lehendabizi gaia ulertu egin behar dela eta gure esku egon daitezkeen aukerak ezagutu eta aztertu.

Horregatik, aurten urriaren 29an Donostiako San Telmo museotik egingo den eta online bidez jarraitu ahalko den Euskarabildua jardunaldiak bi gai uztartuko ditu: pandemia garaian agerian geratutako datuen zaintza eta horren aurrean teknologia burujabetzak egin ditzakeen ekarpenak.

Besteak beste honako galderei erantzun nahi die jardunaldiak:

  • Sortzen ditugun datuak zertarako erabiltzen dituzte erraldoi teknologikoek?
  • Zuzenbide Estatuaren ikuspegitik zein erabilera eman dakioke herritarren datuei? Pribatutasunak zer leku hartzen du?
  • Salbuespen egoeran hartu diren neurriei, jarraipenik emango zaie? Zein aukera eta arrisku berri irekitzen ditu?
  • Herritarrek zer egin dezakegu datuen kontrol publiko bat lortzeko?
  • Teknologia burujabetzaren ikuspegitik sortu al ditzakegu bide gardenagoak eta demokratikoagoak datuen kudeaketarako? Eta teknologia/aplikazio berriak sortzeko?
  • Hezkuntzak zer paper bete dezake guzti honetan? Zein da hezkuntza eta teknologiaren arteko egoera gaur egun eta norantz goaz?

 

Hizlariak

Euskal Herri kanpoko hiru hizlari izango dira aurtengo Euskarabilduan:

  • Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta Eticas Research & Consulting-eko kide Gemma Galdón-ek emango du hasierako hitzaldia
  • Data Justice Lab-eko kide Javier Sanchez-ek datuen erabilera eta justizia sozialari buruz hitz egingo digu.
  • Existitzen diren alternatibak ere ezagutuko ditugu Dabne kooperatibako Marga Padillaren bidez.

Azkenik, ‘Teknologia burujabetza hezkuntzan: Gaur egungo panorama, alternatibak eta aurrera begirako erronkak’ mahai-inguruan Argiako Mikel Garciak, Elgoibarko Makina Erreminta Institutuko Pedro Arreitunandiak eta Hezkuntzan ere Librezaleko kide Diana Francok parte hartuko dute.

Albiste erlazionatuak

Langunek aurrera begirako lan-lerroak aurkeztu ditu Gaia-ko Batzak Orokorrean

2023/06/12

Pasa den ekainaren 1ean GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak 40. urteurrena ospatu zuen eta egun berean, urteko Batzar Orokorra egin zuen. Bertan bildu ziren enpresa bazkideetako ordezkariak eta GAIAk gaur egun bere barnean biltzen dituen bestelako elkarteetako partaideak, horien artean LANGUNE.

bai&by, LANGUNEko bazkide berria

2023/05/09

Euskara eta ingelesa ikasteko merkatuan dagoen sistema adimendun bakarra.

EMUNen ikerketa: 'Euskara planak lehiakortasunerako palanka ote dira?'

2023/05/08

LANGUNEko bazkide den EMUNek iaz abiatu zuen ikerketaren helburua euskara planak enpresaren lehiakortasunean dauzkan onurak areagotzeko aukerak esperimentatzea da.