Jasone Aretxabaleta eta Siobhán Ní Ghadhra: hizkuntza gutxituak, lehiakortasuna eta industria, Europako agertokian
Dublinen egindako SME & Cluster Assembly kongresuan, hizkuntza gutxituek lehen aldiz izan zuten protagonismoa, euskarak eta irlanderak enpresen lehiakortasunari eta berrikuntzari egin diezazkieketen ekarpenak aztertzeko. Dublingo esperientzia abiapuntu hartuta, Aretxabaletarekin eta Údarás na Gaeltachta agentziako presidente Siobhán Ni Ghadhrarekin hitz egin dugu proposamenaren sorreraz, kongresura iristeko egindako bideaz eta euskarak eta irlanderak Europako industria- eta enpresa-munduan izan dezaketen paperaz.
Jasone Aretxabaleta Osa Azpilur Euskadi erakundeko Komunikazio eta Marketing arduraduna da, baita SPRIk sustatutako INDEUS ekimenaren koordinatzailea ere. Bere ibilbide profesionala komunikazioari eta euskarari lotuta egon da 80. hamarkadan Arrate Irratian lanean hasi zenetik; Euskal Irrati Telebistan hainbat urte egin ostean, komunikazio instituzionalera eta industria arlora lotu zen, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean, Sprin, Euskadiko Parke Teknologikoan eta orain Azpilurren.
2018.urtean INDEUS Industriaren Euskal Plataformaren sorrera sustatu zuen SPRIn, euskararen erabilera enpresa industrialetan indartzeko helburuarekin. Azken urteetan Plataformaren jarduera nazioartera zabaltzeko lanean jardun du eta jardunak izan du emaitzarik, izan ere SPRIk eta Irlandako Gobernuaren Údarás na Gaeltachta agentziak elkarlanean bultzatutako proposamenari esker, hizkuntzaren gaia lehen aldiz sartu da azaroaren 2tik 4ra Dublinen egin den SME & Cluster Assemblyn, Europako ETEn eta Klusterren topaketa nagusi honen egitarauan.
Aretxabaletak, Ander Etxeberria Mondragon Korporazioko Hedapen Kooperatiboaren arduradunarekin batera, Language as a Competitive Advantage: How Minority-Language Regions Drive SME Growth mahai-inguruan parte hartu zuen. Euskarak enpresen lehiakortasunean duen eraginaz hitz egin zuten, irlanderaren esperientziarekin batera, hizkuntza gutxituek bezeroen leialtasunean, langileen atxikipenean, enpresen bereizgarritasunean eta teknologia berrien garapenean izan dezaketen balioa aztertzeko.
1. Lehen aldiz, hizkuntzaren gaia izan da Europako SME & Cluster Assembly kongresuko mahai-inguru baten protagonista. Zer suposatu zuen horrek euskararentzat eta irlanderarentzat, eta zer ekarpen egin diezaiokete hizkuntza gutxituek Europako enpresa- eta industria-munduari?
Jasone Aretxabaleta:
SME & Cluster Assembly bezalako ekitaldi baten hizkuntza gutxituen gaiari buruz hitz egiteko aukera izateak, berez, garrantzi handia duela esango nuke, adimen artifiziala, zibersegurtasuna, emakumeak industrian, ekintzailetza edota enpresen sustapena bezalako gai potoloen agertoki berean hizkuntza gutxituak kokatzea suposatu duelako. Eta ez gaude horretara ohituta, zoritxarrez.
Siobhán Ní Ghadhra:
Aitorpen garrantzitsua izan zen, hizkuntza ez baita soilik kultur kontua; eskualde baten estrategia ekonomikoaren eta enpresa-estrategiaren parte ere izan daiteke. Údarás na Gaeltachtarentzat, garapen ekonomikoa eta irlanderaren indarra estu lotuta daude. Mahai-inguruak irlandera eta euskara enpresari, berrikuntzari eta lehiakortasunari buruzko elkarrizketan kokatzeko aukera eman zuen, eta erakutsi zuen hizkuntza gutxituek ekarpen baliotsua egin diezaioketela Europako enpresa-komunitateari.
2. Nolako harrera izan zuen euskararen eta irlanderaren arteko esperientzien aurkezpenak Europako enpresa- eta industria-eragileen artean? Harridurarik edo interes berezirik antzeman zenuten?
Jasone Aretxabaleta:
Egia esan harrera ezin hobea izan zuela esango nuke. Kongresuaren irekiera saioan bizpahiru aldiz aipatu zuten egun horretako egitarauan hizkuntzei buruzko saio hau egingo zela. Eta bertaratutakoen artean harridura baino gehiago poza helarazi digute. Aste honetan jaso dut Dublingo saioan egon zen Kanadako emakume baten mezua: The session on the minority languages was fascinating, and I'm so pleased this topic was raised (hizkuntza gutxituei buruzko saioa liluragarria izan zen, eta oso pozik nago gai hau mahai gainean jarri izanagatik). SME Assemblyren antolakuntzan lan egiten duen Bilboko emakume batek ere pozez hartu zuen saio honen berri. Berak egin zuen saioari buruzko Laburpen bisuala.
Siobhán Ní Ghadhra:
Eztabaidak enpresa-eragileentzat beti agerikoa ez den lotura bat azaleratzen lagundu zuen: hizkuntza batean inbertitzeak berrikuntza, nortasuna eta jarduera ekonomikoa susta ditzake. Interes berezia piztu zuen enpresek hizkuntza eguneroko jardunean nola txerta dezaketen jakiteak, marketin-mezu gisa soilik tratatu beharrean. Ondorio garrantzitsuetako bat izan zen hizkuntza edozein tamainatako enpresentzat aktibo bat izan daitekeela, eta, aldi berean, jarduten duten komunitateak indartzen laguntzen duela.
3. Ideia batetik Europako kongresu baten egitarauan lekua lortzera iristeko, zer urrats eman behar izan zenituzten? Nolakoa izan zen prozesua barrutik?
Jasone Aretxabaleta:
Pazientzia eta ‘insistentzia’ ezinbestekoak dira eta esan beharra daukat Languneren laguntza ere izan dudala bide honetan. SME Assembly ekitaldia 2023an Bilbon egin zen eta SPRIren partetik koordinazio lanetan ibili nintzen antolakuntzakoekin, besteak beste Europar Batzordeko DG Grow zuzendaritzako ordezkariekin. Orduan hasi nintzen horrelako saio bat egin zitekeela esaten, batean eta bestean, eta oinarrizko proposamen bat landu nuen. Langunek lagundu zidan proposamen hori osatzen. Eta berak antolatutako Hizkuntzen Irabazia kongresuan Údarás na Gaeltachta agentzia irlandarreko ordezkari bat ezagutu ondoren, proposamenak aliatu bat behar zuela erabaki nuen. Irlandarrekin harremanetan jarri, proposamena aurkeztu eta lortu dugu egitarauan egotea. Oso harro nago lortutakoaz eta oso eskertuta izandako bidelagunekin.
Siobhán Ní Ghadhra: “Hizkuntza batean inbertitzeak berrikuntza, nortasuna eta jarduera ekonomikoa susta ditzake”
Jasone Aretxabaleta: “Laguntza behar dugula aurrera egiteko eta lankidetza ezinbestekoa dela”

4. Mahai-inguruaren izenburua Language as a Competitive Advantage izan zen. Zein argudio erabili zenituzten euskara eta irlandera enpresen lehiakortasunerako abantaila izan daitezkeela azaltzeko?
Jasone Aretxabaleta:
INDEUS Elkarrizketetatik ateratako atalak erakutsi genituen saioan, plataformako kide diren enpresei ahotsa emanaz: Euskaraz lan egiteko aukera eskaintzen duen enpresa erakargarriagoa izango da, talentua erakartzeko elementu garrantzitsu bihurtuz; Enpresaren eta langilearen arteko lotura sortzeko bidea; langileen arteko komunikazioa errazten duena; bezeroarekiko konfiantza euskaratik sortzea errazagoa… hauek dira, beste batzuen artean saioan erakutsitako ideiak.
Siobhán Ní Ghadhra:
Irlanderak enpresa bat merkatu lehiakor batean nabarmentzen lagun dezake. Gaeltachteko enpresei nortasun bereizgarria eta lekuarekin, kulturarekin eta komunitatearekin benetako lotura ematen die; ezaugarri horiek garrantzitsuak izan daitezke bezeroentzat, langileentzat eta bisitarientzat. Halaber, lan-ingurune elebidunak susta ditzake, eta enpresei irlanderaz hitz egiten dutenekin nahiz Irlandako kulturarekiko interesa dutenekin harremanetan jartzen lagundu.
Údarás na Gaeltachtaren ikuspegitik, argudiorik sendoena praktikoa da: irlanderak enpresa baten marka eta bezero-esperientzia indartu ditzake, Gaeltachtaren garapen jasangarria babesten duen bitartean. Ez da berez lehiakortasun-abantaila bat; enpresek modu autentikoan eta langileentzat, bezeroentzat eta merkatuentzat esanguratsuan erabili behar dute.
5. Enpresa askok euskara oraindik kostu edo betebehar gisa ikusten dute, eta ez inbertsio edo aukera gisa. Lortu zenuten ikuspegi hori zalantzan jartzea?
Jasone Aretxabaleta:
Lortu genuen kostuaren argudioari buelta ematea, enpresan lan egiten duten pertsonengan konfiantza sortuko duen elementu bat ezin da kostutzat hartu, inbertsio bat da, pertsonak gusturago eta erosoago lan egiten duen heinean, emaitzak hobeak izango direla inork ezin du zalantzan jarri. Eta esango nuke zentzu horretan ikuspuntuak aldatzen hasiak direla, astiro bada ere.
6. Mahai-inguruan adimen artifizialak eta hizkuntza-teknologiek eskaintzen dituzten aukerak ere landu ziren. Zer ondorio atera zenituzten arlo horri dagokionez?
Jasone Aretxabaleta:
Laguntza behar dugula aurrera egiteko eta lankidetza ezinbestekoa dela. Oso zaila da hizkuntza gutxitu batek ingelesak besteko datu kopuru erraldoia sortzea AAri jaten emateko, baina aurrerapausuak eman, eman ditugu, hor dago HiTZ zentroak sortutako Latxa edota Euskorporaren lana. Hauek euren bidea egiten duten bitartean, beste alde batetik egin behar duguna da mundu digitalean pisu handia duten enpresa handiek hizkuntza gutxituak aintzat hartzeko eta euren produktuetan lehen mailako hizkuntzak dauden toki berean kokatzeko eskatzea.
Siobhán Ní Ghadhra:
Adimen artifizialak eta hizkuntza-teknologiek aukera eta erronka dakartzate aldi berean. Ahotsaren ezagutza, itzulpena eta adimen artifizial sortzailea bezalako tresnek enpresei irlanderaz lan egitea eta irlanderazko edukiak sortzea erraztu diezaiekete. Halaber, irlandera gero eta gehiago erabiltzen diren zerbitzu digitaletan presente egotea bermatzen lagun dezakete.
Baina irlandera hizkuntza txikia da mundu digitalean, eta, beraz, tresna egokiak ez dira berez sortuko: inbertsioa behar da hizkuntza-datuetan, teknologian eta lankidetzan. Kalitatea ere garrantzitsua da: adimen artifizialak sortutako irlanderak giza gainbegiratze egokia behar du. Ondorio orokorra da hizkuntza-teknologia hiztunekin eta komunitateekin batera garatu behar dela, berrikuntzak hizkuntzari lagun diezaion, atzean utzi beharrean.
7. Zer aukera edo lankidetza-ildo berri ireki zituen Dublingo topaketak euskararen presentzia industria digitalean eta teknologikoan indartzeko?
Jasone Aretxabaleta:
Ekitaldian parte hartu zuen Europar Batzordeko EISMEA agentziako ordezkariari esan genion euren laguntza ezinbestekoa genuela software konpainia handien aurrean presioa egiteko euren produktuetan, guk guztiok erabiltzen ditugun produktu horietan hizkuntza gutxituak kontuan har ditzaten. Eta Europako enpresentzako hizkuntzen gida eguneratu dezatela ere eskatu genuen, duela 15 urte argitaratutako gida horrek premiazko eguneraketa bat behar du, hizkuntzen gaiak beste dimentsio bat hartu duelako denbora honetan bai esparru teknologikoan baita sozialean eta lanekoan ere.