INDEUSen urteko lehen bileran parte hartu du LANGUNEk
Jon Ansoleaga, Spriko zuzendari nagusiak, egin die harrera bertaratu diren plataformako kideei, euskararekiko eta INDEUSekiko duten konpromiso eta atxikimendua eskertuz.
LANGUNEk Industriaren Euskal Plataformaren urteko lehen bileran hartu du parte.
Batzarrean, Jon Ansoleagak, Spriko zuzendari nagusiak, aurrera begirako erronkak aipatu ditu, besteak beste INDEUSera enpresa gehiago erakartzea “enpresa berriek ikuspuntu eta esperientzia berriak eskaintzen dituztelako eta horrek guztiok aberasten gaitu”. Honekin batera “zerbitzuak euskaraz bermatzeko ahalegina egiten jarraitu beharra dugu, euskaraz lan egitea aukeratu duen enpresak hizkuntzarekin zailtasunik izan ez dezan”. Zentzu honetan Spriko zuzendari nagusiak gogoratu du INDEUS guneak baduela zerbitzua euskaraz eskaintzen duten enpresen katalogoa.
Ondoren, 2026.urterako lanak zehazteari ekin diote, alde batetik iazko bileretan egindako proposamenak eta enpresetatik jasotako beharrak mahai gainean jarriz. Besteak beste Praktika onak, Euskarazko zerbitzuak, Ikuskaritzak, Komunikazio estrategia, Adierazleak eta Hizkuntza Teknologiak dira aztertu diren gaiak eta aurten lantzeko proposatu direnak.