LANGUNEk euskal enpresetako hizkuntzen erabilera, kudeaketa eta trebakuntzari buruzko erretratua aurkeztu du #langune_TrebetasunJardunaldia

2012/09/18

Ingelesaren ingurukoak dira trebakuntza gehienak (enpresen % 87,6); ondoren, frantsesa (% 35,4) eta alemana (% 19,4) datoz. Euskara, enpresen % 14,8aren trebakuntza-helburuetan dago, nahiz eta zerbitzuen sektorean % 26,4ra igotzen den ehunekoa

2012ko lehen seihilekoan egin den azterketa hori LANGUNEk sustatu du, eta Lanbide-Hobetuzek finantzatu du, Ikertalderekin elkarlanean.

Azterketaren helburua izan da euskal enpresetako hizkuntzen erabilerari, kudeaketari eta trebakuntzari buruzko erretratu eguneratua egitea, enpresaren ikuspuntutik, langile/ikaslearenetik eta hizkuntza-industriako profesionalen ikuspuntutik. Horretarako, 437 enpresak, hizkuntzak ikasten dituzten 300 langile/ikaslek eta hizkuntzen industriako hogeita hamar bat profesionalek parte hartu dute.

“Globalizazio ekonomikoaren prozesuaren eraginez, atzerriko hizkuntzetan hizkuntza-gaitasuna izatea oinarrizko bihurtu da enpresarentzat, ezinbesteko tresna bat. Hala ere, gure enpresa-sarearen ehuneko esanguratsu batek negozio-aukerak galtzen ditu, testuinguru horretara ez moldatzeagatik”, azpimarratu dute LANGUNEtik.

Azterketaren bidez lortu den erretratuak erakusten duenez, euskal ETEak "trantsizio-egoeran" daude. Enpresak kanpoko merkatuetara nahikoa ireki eta eleaniztasuneko prozesuan aurrera egiten bada ere, “oraindik ez ditu barneratu hizkuntza-gaitasunak eguneroko kudeaketa-dinamikan”. Erretratu horretatik abiatuta, LANGUNEk hainbat lan-lerro zehaztu ditu euskal enpresen lehiakortasunaren alde egingo duten eleaniztasun-estrategiak sustatzeko eta hedatzeko. 

Egoera hori aldatzeko, LANGUNE ezinbestekotzat jotzen du hiru agentek batera lan egitea eleaniztasun horren alde: enpresa-sarea eta langileak; hizkuntza-zerbitzuen eskaintza; eta erregulatzen eta bideratzen duen administrazioa. Hiru agenteek hauetan egin behar dute ahalegin berezia:

  • Enpresan hizkuntza-zerbitzuen eta gaitasunaren eskaerari buruz sentsibilizatzea, sustatzea eta aberastea.
  • Hizkuntza-zerbitzuak indartzea eta haien lehiakortasuna hobetzea.
  • Eleaniztasunari laguntzeko politikak enpresen nazioartekotzeari laguntzeko politikekin txertatzea, lehentasun estrategiko gisa.
  • Hizkuntzen esparruan lan egiteko trebakuntzari laguntzeko esparrua moldatzea eta hobetzea.

EMAITZAK

  • Inkestan parte hartu duten euskal enpresen % 27k uste du globalizazioak eragin negatiboa duela, % 23,4k uste du eragina positiboa dela, eta % 35,5ek dio ez diola inolaz ere eragiten.
  • Enpresen % 62,7k du webgunea ingelesez; % 34,1ek, frantsesez; eta % 18,2k, alemanez. Gainerako hizkuntzei dagokienez, oso gutxi agertzen dira. Logikoa denez, webgunea atzerriko hizkuntzetan duten enpresen artean gehiago dira esportatzen dutenak esportatzen ez dutenak baino (% 84,6 eta % 34,8, hurrenez hurren).
  • Itzulpen-zerbitzuak eskaera handiko elementua dira euskal enpresen artean. Oro har, aztertutako laginaren % 27,9k erabili ditu azken bi urteetan.
  • Itzultzaile automatikoak: enpresa esportatzaileen % 58,6k adierazi du azken bi urteetan erabili dituela, eta enpresa ez-esportatzaileen artean, berriz, % 24,3k.
  • Aholkularitza espezializatuko zerbitzuak: aurreko zerbitzuekin alderatuz gero, oso erabilera mugatua dute enpresa-aholkularitza espezializatuen zerbitzuek (esportazio-lanei, kanpoko merkatuen azterketari, hizkuntzen kudeaketari eta abarri lotuta daudenek). Azken bi urteetan, enpresen % 6k erabili du; esportatzaileen artean, % 10,6ra igotzen da proportzioa.
  • Enpresen % 50,1ek uste dute haien zuzendariek atzerriko hizkuntzak jakiteko behar handia dutela; teknikarien eta administratzaileen artean, behar txikiagoa aitortzen dute (% 49,7 eta 48,7, hurrenez hurren); eta are txikiagoa, tarteko nagusietan (% 36,4), langile kualifikatuetan (% 22,7) eta langile ez-kualifikatuetan (% 7,8). Logikoa denez, behar-mailak askoz handiagoak dira enpresa esportatzaileetan ez-esportatzaileetan baino.
  • Inkesta egin duten enpresen % 38,2k uste du euskararen erabilera lehia-abantaila bat dela; bereziki, zerbitzuetan (% 40,1; industrian, aldiz, % 36,4). Enpresa-zerbitzuen % 46,8k eta enpresa industrialen % 26,4k badituzte material komertzialak euskaraz. Eta, webguneei dagokienez, proportzioak % 36,4 eta % 20,6 dira, hurrenez hurren.
  • Enpresaren barneko harremanen kasuan, berriz, % 53,8an gaztelania hutsez egiten dira, eta % 41,4k dio elebidunak direla (euskara/gaztelania). % 1,6 euskaraz soilik komunikatzen da.
  • Inkesta bete duten enpresen % 61,1ek hizkuntza-gaitasunak kontuan hartzen ditu langileak hartzeko prozesuetan faktore bereizle gisa —ehunekoa handiagoa da enpresa esportatzaileetan—. Eta, enpresa esportatzaileen kasu zehatzean, faktore horrek prozesuan duen garrantzia % 88,9ra igotzen da.
  • Enpresen ia % 48k egin du azken bi urteetan hizkuntza-gaitasunetan trebatzeko jardueraren bat. Ingelesaren ingurukoak dira trebakuntza gehienak (enpresen % 87,6); ondoren, frantsesa (% 35,4) eta alemana (% 19,4) datoz. Euskararen inguruko trebakuntzak enpresen % 14,8an egiten dira, baina, zerbitzuen kasuan, % 26,4ra igotzen da ehunekoa.
  • Enpresen % 80k dio bere langileen hizkuntza-gaitasunak ezagutzen dituela, eta % 39k dio informazio hori nahiko formalizatua duela. Hala ere, enpresen % 37,1ek ez du arduradun zehatzik hizkuntza-gaitasunen kudeaketarako.

Laburpen exekutiboa: https://www.yousendit.com/download/WUJhb3BLV3JubHlKUmNUQw
Argazkiak: http://www.flickr.com/photos/langune/sets/72157631564810865/

Albiste erlazionatuak

PLONECONF Nazioarteko Konferentzia Teknologikoren 20. edizioa CodeSyntaxek antolatu du

2023/10/04

Oraingoan, ekitaldia Euskal Herrira ekartzea lortu da eta LANGUNEKO bazkide den CodeSyntax enpresak antolatu du.

Langunek aurrera begirako lan-lerroak aurkeztu ditu Gaia-ko Batzak Orokorrean

2023/06/12

Pasa den ekainaren 1ean GAIA Euskadiko Teknologia Elektronikoen eta Informazioaren Industrien Elkarteak 40. urteurrena ospatu zuen eta egun berean, urteko Batzar Orokorra egin zuen. Bertan bildu ziren enpresa bazkideetako ordezkariak eta GAIAk gaur egun bere barnean biltzen dituen bestelako elkarteetako partaideak, horien artean LANGUNE.

bai&by, LANGUNEko bazkide berria

2023/05/09

Euskara eta ingelesa ikasteko merkatuan dagoen sistema adimendun bakarra.