LANGUNEko bazkide den UZEIk, Eusko Jaurlaritzarekin batera, arkitekturaren esparruko terminoen hiztegia plazaratu du

2023/02/02

Erreferentziazko lineako tresna bat da, ia 5.100 termino dituen hiztegi elebidun adostu, zabal eta eguneratua.

Card image cap

Gaur egun arkitekturaren arloko euskarazko terminologia-baliabideak dauden arren, kontzeptu berak hainbat ordain izan ditzake kontsultatutako iturriaren arabera. Egoera horren eraginez, euskaraz jardun nahi duten arkitekturaren esparruko profesionalek etengabe egin behar izaten diete aurre hutsune, zailtasun eta segurtasun-falta terminologikoei. Premia horri erantzuteko eta euskara esparru profesionaletan erabiltzea sustatzeko, Arkitektura Hiztegia (euskara-gaztelania), gaiari buruzko lehen baliabide eguneratu, zabal eta adostua, argitaratu dute LANGUNEKO bazkide den UZEIk Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzarekin batera.

Linean erabilgarri dagoen tresna da, arkitekturaren arlo profesionalean euskararen erabilerak behera egitea saihestea helburu duena; horretarako, zehaztasun terminologiko handiagoa eskaintzen du, ezinbestekoa baita eduki espezializatuak komunikatzeko. Hiztegi elebiduna –elkargo profesionalen webguneetan eta Euskaltermen kontsultatu ahal izango da– Eusko Jaurlaritzaren Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraio Sailaren Etxebizitza, Lurzoru eta Arkitektura Zuzendaritzaren eta UZEI Terminologia eta Lexikografia Zentroaren ekimenez sortu da.

Lurraldeko arkitekturaren esparruko eragile garrantzitsuenen arteko adostasunetik eta sinergiatik sortu da, hala nola Euskal Herriko Arkitektoen Elkargo Ofiziala, Aparejadore eta Arkitekto Teknikoen elkargo ofizialak eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arkitektura Goi Eskola Teknikoaren Arkitektura Saila.

Proiektuari buruzko informazio gehiago hemen

Errealitate berriak izendatzeko hitzak

Abenduan UZEIk Neoloteka egitasmoa aurkeztu zuen, errealitate berriak izendatzeko euskarak beste hizkuntzetatik mailegatzen dituen edo euskaratik bertatik hiztunok sortzen ditugun hitz eta esamolde berriak (euskarazko neologismoak) bilduko dituen ataria.

Informazio gehiago egitasmo honen inguruan hemen

 

Albiste erlazionatuak

Mugaz gaindiko komunikazio eleanitzari buruzko uda-ikastaroa

2025/04/11

Komunikazio eleanitzari buruzko mugaz gaindiko udako ikastaroa izango da 2025eko uztailaren 2an Baionako Arteen Hirian.

Hizkuntza teknologien inpaktu handiko erabilera-kasuen azterketa aurkeztu du LANGUNEk

2025/04/08

Euskal Herriko Unibertsitateko (UPV/EHU) Hitz Hizkuntza Teknologiako Euskal Zentroak, EMUN kooperatibarekin eta Langunerekin lankidetzan hizkuntza teknologietan inpaktu handiko erabilera-kasuak identifikatzea helburu izan duen azterketa burutu du.