Orai adimen artifizialeko langune berria aurkeztu du Elhuyarrek industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko

2022/05/30

Elhuyarrek sustatutako marka berriak 20 urteko esperientzia, lantalde gaitua eta kidetza-sarea du atzean.

Languneko bazkide den Elhuyarrek Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko langune berria aurkeztu du gaur Donostian, Kursaalean egin duen agerraldian. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Josu Aztiria Urtaran Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzaileak eman dituzte azalpenak, 60 gonbidatu eta kazetariren aurrean. Haiekin batera, ULMA Construction, Elhuyar, GNOSS eta Tecnaliako ordezkariak izan dira, eta adimen artifizialak eta lengoaia naturalaren prozesamenduak euren arloan eragiten dituzten onurak azaldu dituzte.
Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langune berria da Orai. Enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkie, eta industria-ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango du xede. Izan ere, NLP teknologiak, lengoaia naturalaren prozesamenduak, komunikazioa errazten du, ahotsaren eta testuaren bidez, enpresen eta erakundeen jarduera zein pertsonen bizitza hobetzeko. Horrez gain, tresna teknologiko adimendunak eta etikoak ekoitziko ditu, unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresekin lankidetzan.

Elhuyarrek 50. urteurrenaren testuinguruan sustatu du langune berria. Elhuyar aitzindaria izan da hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan euskara txertatzen. Nolanahi ere, egungo gizarteak erronka handiak ditu digitalizazioaren eremuan. Eta erronka horiei erantzuteko beharrak, adimen artifizialeko proiektuen heldutasunak eta garapenak, eta 20 urteko esperientziak eta eskarmentuak abagunea eskaintzen dute euskaratik beste esparru eta hizkuntza batzuetara jauzia egiteko. 50 urte aurrerago egiteko bokazioak eta lantalde baten pasioak eta sormenak sortu dute, hortaz, Orai NLP Teknologiak, industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko.

20 urteko esperientziaren bermea

Orai NLP Teknologiak languneak, berria izan arren, 20 urteko esperientzia du atzean, baita bermea ematen dioten hainbat arrakasta-kasu ere. Horren adierazgarri da urte hauetan guztietan taldeko kideek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituztela zenbait aldizkari zientifikotan, eta aitzindari izan direla Euskal Herrian hizkuntza naturalaren prozesamenduan egin diren ikerketetan. Aipatu beharra dago, gainera, lantaldean 7 doktore daudela.
Asko eta ezagunak dira Orai NLP Teknologiak languneko lantaldeak, bere ikerketaren emaitza gisa, aurretik mamitu dituen soluzio eta produktuak; ezagunenak Elia itzultzaile automatiko neuronala eta Aditu hizketa-ezagutzailea badira ere, ezin ahaztu daitezke Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna eta Europako dirulaguntzekin Linguatec proiektuan baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako produktu eta tresnak ere. Horiek guztiak eta gehiago ikertzen, garatzen eta hobetzen jarraituko du lantaldeak, enpresek, erakundeek eta gizarteak aurrera egin dezaten.

Albiste erlazionatuak

LANGUNE, aurrera begira

2024/02/28

2023a sendotze urtea izan da LANGUNErentzat. Bazkide berriak lortu ditu, lankidetza-hitzarmen bat sinatu du eta hainbat jardunaldi eta ekitaldietan parte hartu du.

Languages Lanean Kongresuak 500 pertsona baino gehiago bildu zituen

2024/02/28

LANGUNEk Eusko Jaurlaritzak antolatutako Languages Lanean Kongresuaren idazkaritza teknikoa kudeatu zuen.

Elhuyarrek Europako Parlamentuan aurkeztu du hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren inguruan egiten duen lana

2024/02/27

LANGUNEko bazkideak Europako Parlamentuaren Estrasburgoko egoitzan egin duen agerraldian, Europako beste hizkuntza gutxiagotu batzuen esku jarri du bere esperientzia eta ibilbidea.