UZEI: Euskararentzat garatutako softwarea darabilen LibreOffice-rako lehen zuzentzailea

2016/06/24

Hobelex, euskarazko zuzentzaile eguneratua; software libreko testu-editore erabilienean: Linux, Windows edota MacOSX erabiltzen duen oronen eskura


2014ko urrian Hobelex, euskararako lehen lexiko-zuzentzailea, plazaratu zuenean hitzeman zuen UZEIk LibreOffice-rako bertsioa ere garatuko zuela. Orain aurkeztu berri duen LibreOffice-rako plugina egitea lan luzea izan da, beraz. Bertsio berri hau errazago garatzeko har zitzakeen lasterbide batzuk baztertu, eta HOBELEXen zuzentasunari lehentasuna ematea erabakia zuen UZEIk hasiera-hasieratik.

Horregatik, hain zuzen ere, UZEIk ez du erabili Hunspell motor ezaguna, jatorrian hungarierarentzat garatu zena, eta zenbait zuzentzailek, euskararako ere bai, erabiltzen dutena. Izan ere, euskara ez bada hungariera, zergatik ez erabili euskararentzat berariaz sortutako motorra, hungarierarentzat sortutakoaren ordez? Horrela, berariaz euskararentzat sortutako softwarea erabiltzen duen LibreOffice-ko lehen zuzentzailea da Hobelex berria.

Labur esateko, gaur arte LibreOffice-k , euskararentzat mugak dituen Hunspell motorra zekarren lehenetsia. Hemendik aurrera euLEMArekin erabili ahal izango da, horixe baita UZEIk garatutako tresna. Eta erabiltzaileak nabarituko ditu ondorioak: ortografia eta lexikoa zuzentzeko proposamen zehatzagoak eta pertinenteagoak egiten baititu. Erabiltzaileak, beraz, ez ditu alferrikako aukerak banan-banan baztertu beharko zuzenketa egokia aukeratu (eta, zenbaitetan, asmatu) ahal izateko. Azkarrago zuzentzen lagunduko dio horrek, Hobelex argia, zehatza eta egokia baita.

Hobelex, gainera, etengabe eguneratua egongo da. Esaterako, Euskaltzaindiak aurten Hiztegi Batuan arautu dituen 1.353 forma berriekin eguneratua dago LibreOffice-rako bertsioa, Windows Office eta online bertsioak bezala.

Helbide honetan eskura daiteke doan LibreOffice 5erako zuzentzailea: http://www.hobelex.eus

Albiste erlazionatuak

bai&by Fundazioak ingelesa modu inklusiboan irakasteko proiektu pilotu berria abiatu du

2026/02/13

Pilotuak 6 hilabete iraungo du eta adimen-desgaitasun maila ezberdina duten 50 ikaslek parte hartuko dute.

Aldundiak Hitz Zentroaren eta Euskorporaren esku jarriko ditu bere testu eta eduki corpusak

2026/02/02

Helburua da euskara adimen artifizialeko teknologietan integratzea.

Leiho Morea webgunea aurkeztu du Elhuyarrek

2026/01/13

Feminismoarekin lotutako euskarazko edukiak biltzen ditu, eta hiztegi terminologiko eleaniztuna ere badu.