Orai adimen artifizialeko langune berria jaio da, industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko

2022/05/30

Elhuyarrek sustatutako marka berriak 20 urteko esperientzia, lantalde gaitua eta kidetza-sarea du atzean.

Languneko bazkide den Elhuyarrek Orai NLP Teknologiak adimen artifizialeko langune berria aurkeztu du gaur Donostian, Kursaalean egin duen agerraldian. Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak eta Josu Aztiria Urtaran Orai NLP Teknologiak languneko koordinatzaileak eman dituzte azalpenak, 60 gonbidatu eta kazetariren aurrean. Haiekin batera, ULMA Construction, Elhuyar, GNOSS eta Tecnaliako ordezkariak izan dira, eta adimen artifizialak eta lengoaia naturalaren prozesamenduak euren arloan eragiten dituzten onurak azaldu dituzte.
Lengoaia naturalaren prozesamenduko (NLP) goi-mailako ikerketan eta soluzio teknologiko adimendunetan espezializatuko langune berria da Orai. Enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskainiko dizkie, eta industria-ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzea izango du xede. Izan ere, NLP teknologiak, lengoaia naturalaren prozesamenduak, komunikazioa errazten du, ahotsaren eta testuaren bidez, enpresen eta erakundeen jarduera zein pertsonen bizitza hobetzeko. Horrez gain, tresna teknologiko adimendunak eta etikoak ekoitziko ditu, unibertsitate, ikerketa-zentro eta enpresekin lankidetzan.

Elhuyarrek 50. urteurrenaren testuinguruan sustatu du langune berria. Elhuyar aitzindaria izan da hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan euskara txertatzen. Nolanahi ere, egungo gizarteak erronka handiak ditu digitalizazioaren eremuan. Eta erronka horiei erantzuteko beharrak, adimen artifizialeko proiektuen heldutasunak eta garapenak, eta 20 urteko esperientziak eta eskarmentuak abagunea eskaintzen dute euskaratik beste esparru eta hizkuntza batzuetara jauzia egiteko. 50 urte aurrerago egiteko bokazioak eta lantalde baten pasioak eta sormenak sortu dute, hortaz, Orai NLP Teknologiak, industria eta enpresak lehiakorragoak izan daitezen laguntzeko.

20 urteko esperientziaren bermea

Orai NLP Teknologiak languneak, berria izan arren, 20 urteko esperientzia du atzean, baita bermea ematen dioten hainbat arrakasta-kasu ere. Horren adierazgarri da urte hauetan guztietan taldeko kideek 100 artikulu zientifiko baino gehiago argitaratu dituztela zenbait aldizkari zientifikotan, eta aitzindari izan direla Euskal Herrian hizkuntza naturalaren prozesamenduan egin diren ikerketetan. Aipatu beharra dago, gainera, lantaldean 7 doktore daudela.
Asko eta ezagunak dira Orai NLP Teknologiak languneko lantaldeak, bere ikerketaren emaitza gisa, aurretik mamitu dituen soluzio eta produktuak; ezagunenak Elia itzultzaile automatiko neuronala eta Aditu hizketa-ezagutzailea badira ere, ezin ahaztu daitezke Mycroft.eus euskarazko bozgorailu adimenduna eta Europako dirulaguntzekin Linguatec proiektuan baliabide urriko hizkuntza batzuetarako garatutako produktu eta tresnak ere. Horiek guztiak eta gehiago ikertzen, garatzen eta hobetzen jarraituko du lantaldeak, enpresek, erakundeek eta gizarteak aurrera egin dezaten.

Albiste erlazionatuak

GAIArekin bat egitea onartu du LANGUNEk bere Ohiko Batzar Nagusian

2022/06/21

2022ko Batzar Nagusia gauzatu zuen ostiralean, ekainaren 17an, bazkide duen Vircomtech-en egoitzan.

Lohitzune Txarola “Metro gutxitan hizkuntza teknologia garatzen duten hainbat erakunde egoteak Langune sortzea erraztu du”

2022/06/13

Languneko zuzendariak ‘Hizkuntzaren Ekonomia Berriko Trantsizio Digital Eleaniztunari’ buruzko jardunaldian parte hartu zuen.

Alberto Gorroñogoitia: “Mondragon Lingua eta Alecop enpresen arteko fusioa elkarlanaren adibide bikaina da”

2022/06/09

Urte eta erdiko prozesuaren ondoren, joan den maiatzaren 31ean, Mondragon Lingua eta Alecopeko Batzar Nagusiek gehiengo zabalarekin onartu zuten bi kooperatibek bat egitea.