@codesyntax Niagarank: 40 kanaleko albistegi bat Espainiako merkatutako

2013/04/24

Sustatu eta beste bezero batzuentzat garatutako albistegi automatikoen produktua berrindartu dugu, eta 40 aldiz biderkatuta, Espainiako albiste merkatura zuzendutako agregatzaile berria jarri dugu kalean: Niagarank.es

Iazko udan jarri genuen martxan Sustatuko pilotu automatikoa (euskal tuiterlarien artean pil-pilean dauden gaiak jasotzen dituen erreminta). Haren antzeko beste bi garapen ere aurkeztu genituen, Kisale bizikleta dendarentzako albistegi berezitua, eta Nestoria etxe bilatzaile britainiarrentzako albistegia ingelesez.
Oraingo honetan, garapen eta ideia hori 40 aldiz biderkatu dugu, eta Espainiako albiste merkaturako garatu, beste produktu batekin: Niagarank.es.

Sustatun jarduera euskaldun osoa albistegi batean kondentsatzen badugu, Niagarank-en, berriz, Twitterren gaztelaniaz pil-pilean dagoen guztia baino (zabalegia bailitzateke), 40 multzo edo gai tematiko definitu ditugu, eta horien inguruan txiokatzen duen jendea jarraitzen dugu. Era berean, eduki detekzioan gaiarekin zerikusia duten parametroak ere sartzen dira. Euskaraz halakorik egitea egon liteke? Ez dugu uste. Komunitatea txikia da, iturriak urriak, eta gai pare batean egin zitekeen agian diskriminazioa, baina ez hortik gora.

Albistegi automatiko hauetan, erabiltzaileak detektatu eta rank edo sailkapen baten arabera sailkatzen ditugu. Eta erabiltzaile horietan, 5.000 gehienez jarraitzen ditugu, rank handiena dutenak. Gaur egunean, baliteke 15.000 edo 20.000 tuiterlari euskaldun izatea Twitterren, baina automatikoko "onenak" (komatxo artean uler bedi) jarraitzen ditugu, algoritmo batzuen arabera aukeratuak. Espainiako gaikako sailkapen horretan berdin, gai bakoitzarekin zerikusi "zuzenena" duten erabiltzaileek "rank" handiagoa daukate, eta sailkapen horren arabera jarraitzen ditugu 5.000 "onenak".

Ondoren, jarraitzen ditugun Twitter kontu horietan jendeak ze esteka partekatzen dituen zaintzen dugu denbora errealean. Esteka horiek elkarren kontra lehiatzen dira, txio kopurua, erabiltzaileen rankinga, denbora/freskotasuna eta beste faktore batzuk kontuan hartzen dituen algoritmo baten arabera. Eta argitaratzeko atalase bat gainditzean, argitaratu egiten dira Niagarank-en edo Sustatun, albistearen snippet edo puska bat, eta harekin batera detektatzen ditugun tuitak, elkarrizketa osatu aldera.

Makinaria indartsua dago Niagarank-en atzean: Django framework azpiegitura eta Python programazio lengoaia. Baina diseinuaren aldetik, erabaki desberdinak hartu dira Niagarank-en. Grid esaten zaion bloke-zutabe nahasketa bat da Niagarank-eko interfaze nagusia.

Pinterest zerbitzuak jarri zuen modan duela urte eta erdi, eta Masonry izeneko diseinu-eskemari jarraiki ezarri dugu Niagarank-en. Honek, bide batez, diseinu arduratsua egiten utzi digu, eta mugikor zein tablet-etan ondo egokitzen da maketa: iPad batean egin dezakezue aproba, orientazio bertikal edo horizontalean, nola moldatzen den edukia.

Gai horietako bakoitzak Twitter kontu propioa dauka, RSS jarioa, eta baita eguneroko buletina ere. Hau da, Niagarank Tenisa eta Liburuak jarraitu ditzakezu bakarrik, ez besteak, zure interesak horiek badira. Baina azalak bere bizitza propioa du (beste algoritmo batek nabarmenenen hautespena egiten du), eta hori beste kanal batekin doa, @NiagarankEs kontua Twitterren.

Atzotik kalean da, beraz, gure azkenengo produktua: Niagarank. Espero zuen gustuko izatea.

http://niagarank.es/

Albiste erlazionatuak

‘Hizkuntzen irabazia’ kongresuak 200 lagun eta 17 hizkuntza gutxitu bildu ditu Donostian bi egunez

2024/11/27

Kongresuak agerian utzi du hizkuntzak aberastasuna direla. Ez soilik aberastasun kultural eta emozionala, baita ekonomikoa ere.

Lankidetza eta digitalizazioa hizkuntza hegemonikoei aurre egiteko

2024/11/27

‘Hizkuntzen Irabazia. Benefits of language industry in the economy’ kongresuak 200 lagun inguru bildu ditu bere lehenengo egunean.

LANGUNE INDEUSen Lankidetza Sareko kide egin da

2024/11/22

LANGUNEk bat egiten du sareko helburuekin hizkuntzen kudeaketaren sustatzaile den aldetik.