Ekosistema teknologiko eta industriala Bilbon elkartu dira, adimen artifizial burujabe baterantz aurrera egiteko

2026/04/23

ALIA Foroak adimen artifizialaren aukerak, azpiegitura publikoak eta horiek industrian ezartzeko ekimen estrategikoak hurbildu dizkie enpresa eta erakundeei.

Card image cap

Bilboko Bizkaia Aretoak ‘ALIA Foroa: Adimen Artifiziala (AA) industria-sarean ezartzea bultzatzeko ekimen estrategikoak’ hartu du. Jardunaldia, Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU) HiTZ Basque Center for Language Technology-k antolatu du jardunaldia, Transformazio Digitalerako eta Funtzio Publikorako Ministerioarekin batera, LANGUNE (Euskal Herriko Hizkuntza Industrien Elkartea) eta BAIC-ekin (Basque Artificial Intelligence Center) lankidetzan. Saioak aukera eman du teknologia, ALIA eta ILENIA-ren inguruan garatutako baliabide teknologikoetan oinarritutako azpiegitura eta proiektu estrategikoak ezagutarazteko.

Foroa Marisol Garmendia Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak eta Laura Marron BAICeko zuzendari nagusiak ireki dute. Sarreran, AAk eta hizkuntza-teknologiek garapen ekonomikorako eta enpresen lehiakortasunerako funtsezko palanka gisa duten zeregina nabarmendu da, bai eta ingurune digitalean hizkuntza-aniztasuna integratzearen garrantzia ere.

Zentzu horretan, Joxerramon Bengoetxea EHUko errektoreak nabarmendu duenez, “Euskal Herriko Unibertsitatearen eraldaketa eta garapena herri honetako industria-sareari estuki lotuta daude, gure funtzioa, leloak jasotzen duen bezala, eman ta zabal zazu, ezagutzaren sorrera eta transmisioa baita”. Era berean, azpimarratu du HiTZ zentro teknologikoa euskararen etorkizunerako funtsezkoa den eraldaketa baten buru dela, eta hizkuntza ereduak hizkuntza gutxituetan ere garatzen direla erakusten ari dela. “HiTZeko ikerlariei esker, euskara hizkuntza hegemonikoei eta teknologia handiei mugatuta zirudien espazioa irabazten ari da”, adierazi du.

Marisol Garmendia, Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak, euskal enpresa, administrazio publiko, ekintzaile, ikertzaile edo garatzaileak animatu ditu ALIA erabiltzera "gure hizkuntzetan eta gure balioekin trebatutako AAko azpiegitura bat, jada berrikuntza, talentua eta hobekuntzak sortzen dituena gure bizitzan”. Eta Espainiako Gobernuak ILENIA edo HiTZ Katedra bezalako ekimenekin duen konpromisoa nabarmendu du: “Euskararen presentzia digitala kultur ondare gisa sustatzen dute, adimen artifizialeko ereduetan duen pisua aberasten dute eta gure hizkuntzak hizkuntza-baliabideen Europako esparruarekin lotzen dituzte”.

Bestalde, LANGUNeko lehendakari den Eli Pombok azpimarratu duenez, “hizkuntza-aniztasuna beharrezko aberastasuna da bizitzako edozein arlotan, baita arlo ekonomikoan ere, eta hizkuntza-teknologiak zeharkako ardatz dira gure industriaren garapenerako”. Era berean, nabarmendu du AA eta hizkuntzaren teknologiak eskutik doazela aurrera gaur egun, eta ALIA bezalako proiektuak funtsezkoak direla baliabide irekiak, kalitatezkoak eta gure hizkuntzetara egokituak bermatzeko.

Foroan, ALIA proiektua aurkeztu da. Adimen artifizialeko azpiegitura publiko aurreratu bat da ALIA, estatu mailan bultzatua, eta hizkuntza-eredu irekietara, errendimendu handiko konputazio-gaitasunetara (HPC) eta irtenbide berritzaileak garatzeko laguntza-zerbitzuetara sarbidea erraztera bideratuta dago.

Saioan, hizkuntza-teknologia publikoetako estrategiei buruzko esku-hartze bat egin da, Digitalizazioko eta Adimen Artifizialeko Estatu Idazkaritzaren (SEDIA) eskutik, eta Barcelona Supercomputing Center-ek ALIA aurkeztu du, non parte-hartzeko dinamikak eta superkonputazio azpiegituretarako sarbidea zehaztu diren.

AA burujabe baterantz

Topaketaren ardatz nagusietako bat adimen artifizial burujabe baten eraikuntzaren inguruko eztabaida izan da. Testuinguru horretan, Germán Rigau doktoreak, HiTZ Zentroko zuzendariorde eta Euskadiko ALIAko koordinatzaileak, zera nabarmendu du: “ALIArekin ez gara bakarrik teknologia garatzen ari, burujabetza digitala hedatzen ari gara. Funtsezkoa da gure enpresek hizkuntza-eredu ireki, garden eta kalitatezko datuekin entrenatutako ereduetarako sarbidea izatea, gure hizkuntza- eta kultura-errealitatea modu fidagarrian irudikatzeko”.

Halaber, Rigauk adierazi duenez, “Bilboko ALIA Foroa hitzordu garrantzitsua da Euskadik adimen artifizialaren aroan duen papera aldarrikatzeko. Tresnak aurkezteaz gain, gure identitate linguistikoa errespetatuko duen eta gure gaitasun teknologiko propioa indartuko duen AA burujabea nola eraiki dezakegun eztabaidatu dugu”.

Jardunaldian, AAko azpiegitura publikoek ezagutzaren ekonomia berrirako elementu estrategiko gisa duten zeregina nabarmendu da, bai eta enpresen, zentro teknologikoen eta administrazioen arteko lankidetza sustatzeko beharra ere.

AA burujabe baterantz aurrera egiteko behar diren teknologietan zentratutako eztabaida-mahai bat izan da topaketan. Beran, INNKIA, Multiverse eta EITBko ordezkariek parte hartu dute. Guztiek bat egin dute industria-sarearen lehiakortasuna indartzeko gaitasun teknologiko propioak eta eredu irekiak izatearen garrantzian.

Horrez gain, bigarren mahai-inguru bat egin da, ILENIA eta ALIA proiektuei lotutako esperientzia errealak partekatzeko. Honetan Natural Speech-ek, Oraik eta Ametzagaiñak parte hartu dute. Espazio horretan, adimen artifizialean oinarritutako hainbat erabilpen-kasu eta garapen teknologiko aurkeztu dira, eta agerian utzi da kasu horiek enpresa-esparruan praktikoki aplikatzen direla. Jardunaldian, networking-erako espazioa ere egon da, ezagutzak trukatzeko eta ekosistemako eragileen artean sinergiak sortzeko.

Ekitaldia amaitzeko, Germán Rigauk amaierako hitzaldia egin du, eta azpimarratu du AA burujaberantz aurrera egitea inperatibo bat dela. “ALIA bezalako proiektuen bidez, ziurtatzen ari gara enpresak eta administrazioak ez direla kanpoko teknologiaren kontsumitzaile hutsak, baizik eta AAren azpiegitura publikoen garapenean protagonistak”. Era berean, gaineratu du ALIA Foroaren helburua abangoardiako ikerketa industriaren hedapenera hurbiltzea dela, “enpresek azpiegitura publiko horretan soluzio etiko eta sendoekin maila globalean lehiatzeko aukera izan dezaten”

Albiste erlazionatuak

ALIA proiektua aurkeztu da Euskadin, AAren Europako lehen azpiegitura publiko irekia eta eleanitza

2026/03/23

Jardunaldia, LANGUNEk, GAIA Klusterrak eta Hitz Zentroak antolatu dute elkarlanean.

INDEUSen urteko lehen bileran parte hartu du LANGUNEk

2026/02/27

Jon Ansoleaga, Spriko zuzendari nagusiak, egin die harrera bertaratu diren plataformako kideei, euskararekiko eta INDEUSekiko duten konpromiso eta atxikimendua eskertuz.

bai&by Fundazioak ingelesa modu inklusiboan irakasteko proiektu pilotu berria abiatu du

2026/02/13

Pilotuak 6 hilabete iraungo du eta adimen-desgaitasun maila ezberdina duten 50 ikaslek parte hartuko dute.