Itzulpengintzaren automatizazioaz eta berrikuntzaz mintegia
TAUS erakundeak, Elekaren eta Languneren laguntzarekin, itzulpengintzaren automatizazioaz eta berrikuntzaz mintegi bat antolatu du datorren maiatzaren 10ean Donostiako Miramon parke teknologikoan.
TAUSen mintegietan hizkuntza-zerbitzuen hornitzaileak, zerbitzu horien erosleak eta enpresa teknologikoak juntatzen dira itzulpengintza-prozesuaren berrikuntza teknologikoez eta negozio-eredu berriez eztabaidatzeko eta gogoeta egiteko.
Donostiako jardunaldian Estatutik etorritako eragileak biltzeko asmoa dago, nahiz eta beste estatu batzuetatik etorritakoak ere espero diren. Hori dela eta mintegia ingelesez burutuko da.
Donostiako mintegiaren edukiak hiru bloke nagusi izango ditu:
- Lehenengo zatian, TAUSen arduraduna den Jaap van der Meer-ek itzulpengintzaren automatizazioaren ikuspegi historiko bat emango du eta horrek sektorearen negozio-ereduan izan duen eragina azalduko du. Halaber, XXI. mendeko itzulpengintzari buruz gogoeta egingo du. Segidan, TAUSek Estatuan burutu duen inkestaren emaitzen berri emango da. Azkenik, euskal administrazioek alor horretan egiten diharduten ekimenen berri emango da.
- Bigarren zatian bost enpresek eremu horretan izan duten esperientzia azalduko dute. Besteak beste, Pangeanic, Celer Soluciones eta kutxa enpresek hartuko dute parte.
- Hirugarren zatian azkenik, etorkizuneko erronkei eta horiei aurre egiteko estrategiei buruzko gogoeta irekiko da non parte hartzaile guztiek iritzia eman eta proposamenak egin ahal izango dituzten.
Izena emateko epea irekita dago jadanik TAUSen webgunean.