Nola eragingo du gure hizkuntzen industrian PERTEak?

2022/10/24

Urteak daramazkigu ikusten Gobernuak dirua jartzen duela arlo hau garatzeko, baina gero enpresei eta alorreko proiektuentzat oso gutxi iristen da.

Card image cap

Duela hiru hilabete, Cristina Gallach, Espainiako Gobernuko Hizkuntzaren Ekonomia Berriaren aldeko Aliantzarako Mandatari Berezia egon zen Euskadin, eta Hitz zentroak eta SEPLN (Lengoaia Naturalaren Prozesamendurako Espainiako Elkartea) antolatutako ekitaldian parte hartu zuten. Bertan, unibertsitateaz gain, enpresek ere parte hartu zuten, eta guztiek galdetu genien gauza bera, bai Gallach andereari, eta baita bertan parte hartu zuten komunitate erkidego ezberdinetako agintariei, nola jarriko ziren martxan eta zein modutan parte hartu ahal izango zuen sektoreak “Hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEak” aurreikusi dituen 1.100 miloi euroetan.

2022ko martxoan, Espainiar Gobernuak “Hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEa” onartu zuen, eta hau koordinatzeko komisionatua izendatu zuen, Cristina Gallach Anderea, hizkuntzaren industriari, eta zehatzago hizkuntza teknologiei bultzada bat emateko asmoz. Irailan, Alacantera joan ginen, Hizkuntza industriako Euskal Herriko hainbat eragile, gai honetan hurrengo pausoak zeintzuk izango diren ezagutzeko asmoz. Bertan, zehazki enpresei zuzendutako jardunaldi bat egin zen, “Hizkuntzaren ekonomia berriari” buruzkoa. Urteak daramazkigu ikusten Gobernuak dirua jartzen duela arlo hau garatzeko baina gero enpresei eta alorreko proiektuentzat oso gutxi iristen da. Orain, jakin nahi dugu, zein modutan parte hartu ahal izango duen sektoreak “Hizkuntzaren ekonomia berriaren PERTEak” aurreikusi dituen 1.100 miloi euroetan.

Eleaniztasunak “behartu” gaitu alor honetan indartsu izaten, eta Euskal Herriko erakundeak badira, indartsuak eta konpetitiboak. Eusko Jaurlaritzak ez du gure sektorea industria lodiaren pareko jartzen, baina hau da etorkizuna, adimen artifizialaren munduan, hizkuntza teknologiak garatzea ezinbesteko da, eta teknologia horiek euskara uler dezaten dugun beharrari esker, industria konpetitibo bat sortu dugu Euskal Herrian. Azken urteetan, Europar Batasunaren kezken artean lehenengo postuetara pasa da eleaniztasunaren bilakaera mundu digitalean, hau da, ingelesa mundu digitalean oso garatuta dago, baina zer gertatzen ari da beste hizkuntzekin? Testu inguru honetan ulertzen da Espainiar Gobernuak bultzatutako PERTEa. Ezinbestekoa delako garatzea eleaniztasunean oinarritutako politika publikoa, helburua bada, mundu teknologikoan ingelesa hizkuntza bakarra ez izatea.

Europar Batasuna berandu hasi da, eta horren ondorioz, adimen artifizialaren eta hizkuntza teknologien gaian beste potentzia batzuekin konparatu ezkero, maila ahulago batean dago, eta hortaz konturatuta, hainbat politika bultzatu ditu. PERTEa hor kokatu beharra dago, eta bere helburuak izan behar du, lehen mailako ekosistema teknologikoa sortzea, hemendik garatuko den teknologia. Gure apustua izan behar du, teknologia propioa sortzea, eta beste potentzia batzuen menpe ez egotea.

PERTEaren izenak berak dio, Hizkuntzak ekonomia bultzatu behar duela, eta bultzatu dezakeela sinisten dugu sektorean, ekonomia berrian eleaniztasuna behar beharrezkoa da, eta ekonomiari bultzada emango dion sektorea gara. PERTEak hizkuntzaren zeharkakotasuna aitortzen du, kulturaren alorretik, alor industrialeraino, eta ondorioz Hizkuntzen industrien sektoretik, hainbat arlotako proiektu pilotuak esperimentatzen lagunduko duen agertokia sor dezan nahi dugu.

Euskal Herritik, espero dugu, PERTEak kontutan izatea hizkuntza guztiak ez dutela abiapuntu berdina, eta baliabide gutxiago dituzten hizkuntzak babes handiagoa behar dutela. Euskarak lehiarako abantaila eman digu, urte asko daramazkigu eleaniztasunarekin elkarbizitzan arlo guztietan, bai publiko zein pribatuan, eta gizarte errealitate horri aurre egiteko egin ditugun indarrak maila honetan soluzio ezberdinak probatzea eraman gaitu. Adibide gisa, itzulpenak administrazioarentzat dakarren gastua dela eta, beharrezkoa izan da itzulpen-sistemak garatzea, eta bide horretatik beste hizkuntzekin egin ez diren aurrerapenak egin ditugu, edo erabiltzaileak aukeratutako hizkuntzan erantzuteko gai diren txatbotak sortu ditugu. Orain da, egin dugun lan horri zukua ateratzeko momentua.

Apirilean Eusko Jaurlaritzak GAITU aurkeztu zuen, hizkuntza teknologietan eragiteko akzio plana da GAITU, zeharlerrokoa da, eta alor guztietako proiektuak babestuko ditu, lehen pauso bat da, hizkuntza industrian aurrera egiteko, baina gehiago beharko dugu gure sektoreak duen indarrari beharrezkoa den mamia ateratzeko, eta Euskadi gai honetan, izan daiteken potentzia dela erakusteko.

Gure herriak duen hizkuntza errealitateari aurre egiteko erakutsi dugun nahiak, “know how” handiagoa ematen digu, eta munduko beste herrialde batzuetan ez dagoen ezagutza teknologiko eta esperimentala eskaintzen digu. Euskal Herrian sektore indartsu bat dago, teknologia fabrikatzeko gai den sektorea, teknologia eta beharrezkoak diren adimen tresnak sortzeko gaitasuna duena. Eta nor gu baino hobeto gure hizkuntzan teknologia sortzeko? Ez baititugu kanpotik etorritako superpotentziak behar, gure teknologia gure hizkuntzan sortzeko subiranoak garela badakigu gure sektorean, baina garatzen jarraitzeko sustengua behar dugu, eta horretarako politika publiko indartsuak eskatzen dizkiogu PERTEari, baina nola ez, Eusko Jaurlaritzari ere bai, noski. Guk gure sektorean sinisten dugu, eta ezagutzen dugu gure potentziala, agintariek ere gugan sinistu dezaten behar dugu.



Lohitzune Txarola Gurrutxaga

LANGUNE – Hizkuntz Industrien Elkarteko Zuzendaria

Albiste erlazionatuak

Emun eta Elhuyar bazkideek urteurrenak ospatu dituzte aurten

2022/12/02

Emun kooperatibak mende laurdena bete du eta Elhuyarrek berrogeita hamar

Euskarabildua jardunaldietan zuzeneko euskarazko azpititulazioa txertatu zen

2022/11/17

Aurten, berrikuntza gisa, zenbait hitzalditan zuzeneko euskarazko azpititulazioa aplikatu zen.

Hizkuntza-teknologiak eraldatzeko eredu neuronal berriak

2022/10/07

Adimen artifizialeko azken teknikak erabiltzen dituzten hizkuntza-eredu neuronalak sortu dituzte UPV/EHUko HiTZ zentroak, Oraik eta Vicomtech-ek.